Kartelak (ekonomia)

Kartel ekonomikoak enpresen arteko hitzarmen iraunkorrak dira, ekoizpen kopuruak eta prezioak adostu eta finkatzeko asmoz, bereziki kopurua murriztuz eta ondorioz prezioa igoaraziz. Adostasun horiei kolusio deritze. Hala ere, karteleko adostasunak ezegonkorrak izaten dira, karteleko enpresek ekoizpenak handituz mozkin gehiago eskuratzeko pizgarria izaten dutelako.

Edonola ere, kartelak enpresen arteko lehiaren aurkakoak dira, eta ondorio kaltegarriak ekartzen ditu kontsumitzailearentzat, prezioak gehituz, eta beste enpresentzat, enpresa berrien sarrera eragotziz. Hori dela eta, kartelak debekatuta daude merkatu librea aldezten duten herrialdeetan. Kartelen aurkako arau ezagunena 1890 urtean Ameriketako Estatu Batuetan plazaratutako Sherman Antitrust Act izeneko araua da, egun oraindik indarrean dagoena.  Hala ere, egun egon baduade kartelak, eta horietan ezagunena petrolio esportazio handienak egiten dituzten herrialdeek osatzen duten OPEP erakundea da, petrolioaren ekoizpena eta prezioa kontrolatzea helburu duena.

Hiztegia: ingelesez, cartel; gaztelaniaz, cártel.


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Kartelak (ekonomia)"; Gizapedian, urria 30, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/kartelak-ekonomia/.