Kartesianismoa

Kartesianismoa René Descartes (1596-1650) frantses filosofoaren teoria filosofikoa da eta hortik eratorritako pentsamendu-eskola. Oinarrian, filosofia arrazionalista da, errealitateari buruz dugun ezagutza zentzumenetatik ez baizik eta gure arrazoimenak gidatzen duela baieztatzen duena (zalantza metodikotik eta cogito ergo sum printzipiotik), eta beraz enpirismoaren aurkakoa. Oinarri horretatik ordea, Descartesek teoria filosofiko berezi osatu zuen, hala nola dualismo antropologikoa (materia eta arima), mekanizismo materialista, eta teoria zientifikoak ere eman zituen, fisikan eta fisiologian (guruin pineala, gorputzaren eta arimaren lotunetzat hartzen zuena). Jainkoaren existentzia baieztatu zuen. Pentsamendu hori guztia Europako hainbat filosofok jaso eta landu zuten, XVII. eta XVIII. mendean zehar, bereziki Frantzian eta Herbehereetan. XVIII. mendearen bukaeratik, kartesianismoa iraganeko eskola filosofikoa zen guztiz, Newton-en fisika erabat onartua izan zelarik.

Egun, kartesianismoa zientziaren kontzepzio mekanizista, erredukzionista eta zurruna aipatzeko erabiltzen da, termino gutxiesgarri moduan. Gizarte zientzietan ere, kartesianismoaren arrazoi komun eta unibertsalak singularitateak gutxietsi eta baztertu egiten dituela salatu da, beste batzuen arabera kartesianismoak singularitate horietako funtsa azaldu baino egiten ez duen arren, kartesiar metodoak (intuizioa, dedukzioa, analisia, sintesia) bere azken pausoan agertzen duen bezala.