Katarsia

Katarsia (antzinako grezierazko κάθαρσις, katharsis, hitzetik; euskaraz, literalki, "garbitzea") subjektu batek bere gogamenetik emozio negatiboak kanporatu eta ezabatzeko prozesua da, bereziki artearen bitartez. Katarsia eragiten duena katartikoa dela esaten da.

Jatorrian, Antzinako Greziako tragedian du jatorri, eta errukia eta izua ezabatzeko prozesua litzateke, Aristotelesek Poetika bere lanean definitu zuen moduan. Platonek filosofia katarsia dela baieztatzen du, purifikazio modu bat: mundu sentikorrean Ideien benetako ezagutzari heltzerik ez dagoenez, filosofiaren helburua lotura sentikorretik askatu eta heriotzarako prestatzea da, katarsi moduan, heriotzean Ideien mundura itzultzeko.

Geroztik, artearen, literaturaren eta musikaren bitartez gertatzen diren emozio askapenak izendatzeko erabiltzen den terminoa da, emozio horiek kontzientziara ekarriz eta azalaraziz. Aldaketa sozialerako prozesu kolektibo gisa ere definitu da, subjektuak era kolektiboan alienazioaz eta zapalkuntzaz jabe egin eta arlo politiko eta sozialean batera ekitean. Medikintzan antzinatik baliatutako kontzeptua izan da; hain zuzen, Hipokratesek diarrea, oka egitea eta hilerokoa sendabidetzat hartzen zituen. Egungo psikologiak bereganatutako kontzeptua izan da, psikoanalisian eta beste teoria psikodinamikoetan bereziki, patologia mentalak erreprimitutako emozioen ondorioak direla baieztatzean. Psikoterapiaren helburua katartikoa litzateke, beraz, emozio horiek kanporatzea, hipnosiaren, asoziazio askearen edo psikodramaren bitartez. 1

Erreferentziak

1.
Powell E. Catharsis in Psychology and Beyond: A Historic Overview . primalmatters.com. http://primalmatters.com/images/Catharsis%20.pdf. Accessed 2018.