Katu jendea (Eider Rodriguez)

Katu jendea Eider Rodriguez idazleak (Errenteria, 1977)  2010 urtean plazaratu zuen ipuin bilduma da. Liburuaren proiektuak 2008ko Igartza Saria irabazi zuen. Gai ezberdinen harietatik bilbatzen dira ipuinak: "Katu jendea" ipuinak, liburuari izenburua ere ematen diona, maitasun aukera galdua, errutinaren poderioz, da ardatza, katu bana duten eta bizilagunak diren emakume eta gizon adindu biren artean; "Hagina" ipuinean galera eta bakardadean besteekin elkartzeko izan dezakegun modu baldarra kontatzen dira; "Hazia"-n, berriz, emakume amaberri baten gogoetak biltzen dira, haurra izateak gizartearen begietatik bizimoduan sorrarazi dion aldaketaz; "Omarren uda" ipuina uda igaortzera harreran hartutako saharar mutiko batek familia batean sortzen duen egonezinaren inguruan ardazten da; "On the road" euskal presoen sakabanaketaren ondorio lazgarri bat kontatzen da, "Kapitalismoa" ipuinak dirua neurrigabe biltzeak ekar dezakeen deshumanizazioa du gai nagusi; azkenik, "Louis Vuitton" neska euskaldun biek Parisen Louis Vuitton denda batean luxuzko objektuak iruzurrez erosteko asmo zapuztuaz ari da, neska bien artean edertasunaren eta xarmaren inguruan norgehiagoka giro subliminalean.

Laburpena

Katu jendea

Agnes eta Yves (Duhalde andrea eta Dubois jauna, elkarri deitzen diotenez) adinean sartutako Ipar Euskal Herriko emakumea eta gizona dira, elkarren ondoan bizi arren apenas harremanik ez dutenak. Dubois jaunak lanpara denda baten jabea da, eta furgonetaz abiatzen da egunero lanera, bananduta dago eta bi seme ditu. Agnes erretiroa hartu berria da, ezkongabea da eta ilusio handirik gabe bizi da; Dubois jaunarekin harreman handirik ez duen arren, bere bizimoduari buruzko xehetasun asko dakizki, hala nola semeen bisitak noiz jasotzen dituen eta zertaz hitz egiten duten. Biek ala biek katua dute etxea, Lili katemea Agnesek, eta Aitatxi, Yvesek. Hain zuzen, katuak direla eta egiten dute lehen enkontrua elkarrekin: bi katuak elkar-gainka ari dira, estalketan, Agnesen lorategian. Lehen enkontrua hori laburra da, eta katuei buruz bakarrik hitz egiten dute. Aurrerago, ordea, gauez egoera errepikatu egiten da, gauez Aitatxi Liliren bila doanean. Yvesek barkamena eskatzen dio Agenesi, katarra behar bezala ez kontrolatzeagatik, eta Agnesek bizkotxoa hartzera gonbitatzen du etxe barrura. Argi dago Agnes erakarrita sentitzen dela Yvesengana.

Lili ernari bide dago, ume egiteko, eta Agnesek albaitariari deitzen dio. Albaitariak katemea hustu, eta ernari badago benetan, abortua egiteko aukerak ematen dizkio Agnesi. Yvesengana doa egoeraren berri emateko, eta katakumeak izata erabakitzen dute. Elkarrizketak haien egoera sentimentala besteari azaltzeko aukera ematen die: Yvesek banandua dela esaten dio Agnesi, honek ezkongabea dela aipatzen dion bitartean.

Umeak egiteko momentua heltzen da. Lilik Agnesen logelako armairua aukeratu du ume egiteko tokitzat. Lilirentzat tokia behar bezala prestatu ondoren, Yvesi deitzen dio jaiotza ikus dezan. Lau katakume jaioko dira azkenik. Beste batean, argazkia ateratzen dute elkarrekin, katakumeak oparitzeko iragarkian jartzeko.  Berehala hartuko dituzte, baina horrekin batera Lili desagertu egiten da. Biak ibiltzen dira katemearen bila, auzoan gora eta behera, eta azkenean Yvesek aurkituko du bere etxeko sotoan hilda. Elkarrekin lurperatzen dute Agnesen lorategian. Ordurako, elkarrekin atxikimendu handia badute ere, lehenengo bizimoduetara itzultzen dira biak, aurreko denbora guztian bion artean sortu eta aitortu gabeko desioa poliki itzaltzen utziz.

Hagina

Ane Basabe 29 urteko neska da, erizaina. Orain arte bere mutila izan den Gorkarekin afaltzen ari direla, bien arteko harremana itxi behar duen afaria hain zuzen, hagina erori egiten zaio. Emakume haginlari baten kontsultan saio batzuen ondoren, protesi batek hartzen du galdutako hortzaren lekua. Bitartean, ordea, gauzak aldatu direla igartzen du. Ane ederra da, baina jendeak lehengo miresmenarekin tratatzen duela sentitzen du, gutxietsia. Denbora bere gorputzean ere pasatzen dela ikusten du. Kontsultako azken saioan, haginlariak protesiak Jon Somozak egin diola esaten dio. Somoza institutu garaiko gelakidea da, kaskarra eta motza Aneren iritziz, behin gaixo zegoela Aneri maitasun gutun erridikulua bidali ziona. Haginlariak Ane izateagatik Somozak deskontua egingo diola esaten dio. Ane behartuta sentitzen da hari deitu eta gutxienez eskerrak emateko. Deitzen dionean, Somozak elkarrekin geratzea proposatzen dio, zerbait hartzeko edo. Ez daki nola edo zergatik, agian bakarrik sentitu eta bere burua gutxietsia ikisten duelako, baina Gorkaren gonbitea onartzen du. Taberna batean elkartu eta Somozak negozioa ondo doakiola dio, baina diruari baino bizitzari ematen diola garrantzia. Anek Jon gaztetako berdina dela ikusten du, hari buruz zuen iritzia ez da hobetu. Hala ere, Aneren etxean bukatzen dute txortan egiteko.  Gaztetan Anek behin nola ukatu egiten zuen berarekin ibiltzea kontatzen dio.  Txortaldia bukatuta, Somozak berehala alde egin nahi duela esaten dio, etxean lo egitea nahiago duela eta. Hala ere, beste batean geratzeko eskatzen dio; Anek hesia jartzen dio, txortaldia momentuko gauza soilik izan dela esanez, beste ezer ez. Somozak onartu egiten du, baina alde egin baino lehen txantxa egiten dio Aneri bere hortzeriaren igeltsuzko moldearekin, zinismo puntu batez. Brastakoan atea ixten dio Anek eta moldea puskatu egiten du. Ohean, Gorkaren elastikoa jantziko du, iraganarekin bakeak eginez.

Hazia

Ama berri bat zigarroa erretzen ari da aspaldiko partez etxeko leihotik. Bere haurrak bost hilabete ditu. Gogoeta latza egiten du bere egoera berriari buruz. Dagoeneko ez diote lan proposamenik egiten eta jendeak kunplitzeko manerak betetzen ditu berarekin, baina egia esan saihestu nahi dutela iruditzen zaio. Bakarrik sentitzen da gainera, senarra lanean dago eta berandu dabil gaur ere etxeratzeko. Haren gurasoek jarri diote etxea, baina prezio altua ari da ordaintzen, maiz haien presentzia pairatu behar duelako etxean. Aktoresa da, baina lan egiteari utzi behar izan dio; gogoratzen du zuzendari batek haurraz bakarrik galdetu ziola ikusi zirenean, lan konturik aipatu ere ez. Erakarrita sentitu zen lankidearekin ere eten du harremana, harekin zuen erotismo puntua ere galduz. Ezkonduta eta etxezuloan, galdu egin du gizonek berarekin zuten interesa. Senarrari eta haurrari begira bizi da orain. Senarra iristen da eta ohiko kunplituak egiten dizkiote elkarri, beste ezer ez.

Omarren uda

Elena  eta Xabier senar-emazteak eta Luia neska koxkortua aireportura abizten dira Omar izeneko saharar haurra jasotzera, haiekin uda igaro behar duelako, elkartasun-elkarte bati esker. Elena bereziki dago urduri; senarrarekin eta alabarekin asperturik, mutikoaren etorrerak bere bizitzari gatza ematen diolakoan. Xabier senarrak txantxak egitea du gustuko baina horretaz aparte nahiko konbentzionala da, Luia neska isila da, ama ez bezalakoa, eta agian horregatik ez da guztiz ondo konpontzen amarekin.  Lehenengo agurren ondoren, Luia eta Omar poliki hasten dira harremanetan. Etxean Elenak prestakizun bereziak egin ditu Omarri harrera emateko, globoak eta, eta saiatzen da Omar gustura egon dadin, bere etxean bezala. Luiaren gelan egingo du lo, oheak parez pare. Ez da lehen aldia Omar Euskal Herrira datorrela, baina aurrekoetan beste familia batzuekin izan da. Goizeetan Saharatik etorritako besdte neska-mutilekin egongo da udalekuetan eta arratsaldeak familiarekin.  Elenak urduri jarraitzen du, Omarren aurrean familia batuaren irudia eman nahian eta denetatik eskainiz, baina senarrak berandu heltzen da etxera askotan, eta Luiak ez dio jarraitzen amari, tripako minak amak prestatutako afaria izorratzen du egun batean. Hondartzara doazen lehen egunean, ama Omarrekin hasten da palan jolasten, nahiz eta Luiak ez duen gogoratzen inoiz ama palan jolastu izana. Une batean, Luiak Omar arraroa dela esaten dio amari, otoitz egiten duela iruditzen zaiola; amak berriz bera ukitu duen galdetzen dio Luiari, asaldatuta. Hurrengo egunetan Omar konfiantza hartzen doa, baina aldi berean amaren eta alabaren arteko arroztasun sentimendua indartzen da, eta soilik Omar noiz etorriko den zehazteko hitz egiten dute. Zara  arropa dendara doaz Elenaren laguna den Amaiarekin. Luiak amarekin duen antza nabarmentzen du Amaiak; Elenak baietz aitortzen dio, baina aldi berean ama baztertu nahian dabilela esan ere egiten du. Probalekuetan Luia eta Omar jolas egiten dute, kilimak egiten eta. Etxean geratzen diren egun batean, Luiak txatartegi batera eramaten du Omar, eta kartoi bilketan hasten dira sos batzuk ateratzeko. Igerilekura doaz denak elkarrekin egun batean, baina Elenaren amarekin ere, ordura arte ama Omarrengandik aparte edukitzeko ahaleginak alde batera utziz egun batez, harekin ere harreman gaztakatsua denez; Elenak mutiko edukatua dela eta ongi moldatzen ari dela kontatzen dio amari. Igerilekuna Saharako beste neska-mutilak ere badaude, eta Omar bereziki haietako neska batekin du harremana eta belarrira kontuak esaten dizkio. Susmagarriki berandu baina aldi berean pozik etortzen den gau haietako batean, Xabierrek itsaskiak ekartzen ditu etxera. Omarrekin jolasean, haietako langostino bateko hezurra edo sartzen zaio oinean Omarri. Ohean, Luiak kendu egiten ido, baina aldi berean bere hankatarteari begiratzen dio. Hasieran hitz-jolasean, azkenean Omarrek bere zakila erakusten dio Luiari, eta Luiak Omarri alua. Gogortu egiten zaio zakila Omarri, eta jardun erotikoetan eta musuka hasten dira biak.

Omarrek alde egiteko eguna hurbildu ahala, Omar seriotu egiten da, eta isilago egoten da. Gauez, ordea, jarraitzen du Luiarekin jardun erotikoetan. Elenak bere gelara eramaten du Omar egun batean, eta Luiarekin haserre dagoen galdetzen dio. Herrira itzultzeko gogoak dituen galdezka, haren aurrean, bularretakoa kendu eta bularrak agerian uzten ditu. Albornoza jantzi, alua ere agerian utzi, eta Omar erakarri egiten du beragana eta besarkatu egiten du, bularrak haren kontra estutuz. Omarrek titiburuak miazkatzen dizkio Elenari. Biharamonean alde egiteko eguna da, Elenak dirua sartzen dio praketan Omarri, ezkutuan, kontrabandoan herrira eraman eta haren familiari emateko. Luiak amonak oparitutako urrezko katea  ematen dio Omarri ezkutuan. Tripako minez dago Luia, ama berarekin geratuko da, eta ez dira joango aireportura. Agur esateko garaina, Omar ez daki nori eman musu aurrena, Elena negarrez dago eta hari ematen dio aurrena, gero Luiari. Alde egiten duenean, ama eta alaba bakarrik geratzen dira, nor bere baitan bilduak, ezer gertatu izan ez balitz bezala.

On the road

Manu eta Harri euskal preso bat bisitatzera doazen lagunak dira. Camaronen musika entzuten doaz, altu samar. VW auto handi batek aurreratzen ditu. Burgosen zehar doaz, ikusten dituzten izen xelebreko herriek nola jentilizioak izango dituzten barrezka. Taberna hits batean gelditzen dira kafea hartzeko, nazka ematen die hango ikus daitezkeen janari identifikaezinak, eta madarikatu egiten dute makailu-musika. Kontu kontari hasten dira, Harrik Aitziberrek berarekin hautsi duela, libre egon nahi omen duela-eta, nahiz txikitatik gizonez gizon ibili. Handik irtetean, beste preso bat bisitatzera doan bikote ezagun batekin topatzen dira; erdaldunak dira eta erderaz egiten dituzte hitz batzuk haiekin. Berriz errepidean, muskari amerikar baten heriotzaz mintzatzen dira, istripu erredikulu batean. Gasolindegi batean gelditu eta Camaronen diska bat erosi ondoren, abian jartzen dira berriz ere. Lehen aurreratu dituen  VW handia iraulita ikusten dute eta horren aurka egiten dute talka. Suhiltzaileek itzaliko dute Camaronen musika, autotik gorpuak ateratzean.

Kapitalismoa

Telmo familia aberatseko gizon heldua da. Dibortziatua da, baina harreman onargarria du bere emazte ohiarekin. Josetxo eta Alazne ditu anai-arreba. Ama hil eta gutxira Roman aita ere hiltzen da. Roman etexe-eraikitzailea da eta diru mordoska irabazi du bizitzan, gazte-gaztetatik bere aitarekin, Telmoren aitonarekin, lanean hasi zenean. Notarioaren eskutik, dirua jasotzen dute anai-arrebek, zati handi bat beltzean,  eta horrekin Volvo kotxe berria erostea erabakitzen du. Bi hilabetera autoa jasotzen duenean, berak apropos eskatutako osagarri guztiekin, saltzaileak autoaren goraipamena egiten dio. Telmo liluraturik dago autoarekin, eta bizitza propioa balu bezala ikusten du. Jaizkibel mendiko errepidera doa autoa probatzera, bakarrik, autoarekin liluraturik ez baitu sentitzen inoren beharra. Autoa probatzen duen bitartean, bere bizitza errepasatzen du. Gogoratzen du nola bere aitak Eguberri guztietan diru mordozka ematen ziela sobre banatan, opari moduan. Maiterekin ezkonduta, Telmo seme txikiarekin ere ohitura berdina hartu zuen.  Volvoa erosita, Maiteri oparitzen dio lehengo autoa, Opel Vectra luxuzkoa. Harekin ongi konpontzen da, eta liskarrik gabe banandu ziren, Telmok Maite beste gizon batekin engainatzen ari zela jakin arren; Telmo fidela izan da, behin ezik, ezkontza batean beste gizon batekin sexu-harremana izan zuenean. Maiterekin itzul zitekeen, baina ez du horretarako motiborik ikusten, emakume ederra izan arren. Autoak ematen dion babesa bere bizitza bakartiaren metafora eta ondorioa da. Jaizkibeldik jaitsita, amarekin bizi den Telmo txikia jasotzera doa, autoa berria erakutsi nahi dio. Emazteari auto zaharraren giltzak ematen dizkio. Haurra autoa sartu bezain pronto, marrazoei buruzko DVD bat atera eta autoko erreproduzigailuan ikusten hasten da. Behin eta berriz ikusten duen DVDa da, marrazoak, kapitalisten metafora ere diren animalia horiek. Jostailuen supermerkatu batera doaz, eta eskura dauden plastikozko animalien artean aukeratzeko, aitak 20 eurokoa ematen dio haurrari. Haurrak marrazoa aukeratzen du. Autora bueltan, gizonak kiratsa nabaritzen du, auto berriaren usaina eta gero, jabetu ez arren diruaren eta aberastasun faltsuaren kiratsa dena, haurrak marrazoarekin airea zeharkatzen duen bitartean.

Louis Vuitton

Narratzailea Parisera etorri den Alexen neskalaguna da. Narratzailea June pisukidearekin apain prestatzen ari da, aberatsen plantak lortu nahi dituzte, Louis Vuitton denda batean objektuak erosi nahi dituztelako txeke faltsuak erabilita. Apaintzen diren bitartean, edertasunari eta dotoreziari buruzko elkarrizketa harilkatzen doa bi nesken artean. Alex ere pisuan dabil gora eta behera, eta June Alex seduzitu nahian dabilela badaki narratzaileak. Narratzaileak gogoratzen du zein inportantea izan den beti beretzat edertasuna; horregatik aukeratu zuen June lagun moduan, June ederra eta klasekoa delako. Gogoratzen du Alexekin hasi zenean, nola gurasoen etxera eraman zuenean, lotsa pixka bat pasa zuela, mutilak etxe sofistikatuagoa espero zuela aitortu ziolako. Alexek Juneren liburuei begiratzen die pisuan, baina jakin gabe liburu horiek bereak zirela, Juneri emandakoak eta oraindik irakurri gabeak.

Metroan abiatzen dira mafia japoniarreko Ado andrearekin duten hitzordura, Alexek bi neskak oso eder daudela adierazi ondoren. Metroan Alex Junerekin eseritzen da, eta narratzaileak June barre gehiegi egiten duela nabarmentzen du, nahiz eta jakin bere hortzak txikiegiak direla, karraskari batenak. Junek sartu du narratzailea negozio ilun horretan, familia aberatsekoa izan arren, aberatsek gustuko baitute pobreak direla adieraztea.  Burger King batean topatzen dira Ado andrearekin eta bere laguntzaileekin: andreak nolako gauzak erosi behar dituzten, eta travellers check mordoska ematen die. Alex kanpoan utzita, dendara sartu eta egin behar duten iruzurraz gainera luxu giroan izateagatik urduri erosiko dituzten objektuak aukeratzen doaz. Junek biboteko ileak kendu ez izana aurpegiratzen dio narratzaileari. Ordaintzeko unean, kaxako emakumeak haiei arretaz begiratu eta zaintzaleei deitzen die, espainolak direla eta txekeak faltsuekin ordaindu nahi duela erreparatuta. Dotoreziaz baino mespretxuz zaintzaileek kanporatu egiten dituzte bi neskak. Kanpoan, banku batean eserita txokolatezko opila jaten ari den Alexekin topatzen dira. Harrapatu dituztela aitortzen diote. Burger King-era bueltan, eta beldurrez, Ado andreak ezer esan gabe hartzen ditu txekeak bueltan. Buelta bat ematera doaz eta sephora kosmetika-dendara sartzen dira; han Alexek muestra bat lapurtzen du narratzailearentzat. Metroan, June izango da orain bakarrik doana, narratzailearen liburu bat darama eskuetan. Alexek lapurtutako potea ez al zaion gustatu galdetzen dio. Baietz esaten dio, ilusio handirik gabe. Juneri begira, narratzailea beldurtzen da,  liburua irakurtzen ari dela ikusten du eta.