Kaukasiarrak

Kaukasiar tipoak. An Illustrated Description of the Russian Empire, Robert Sears,1855.

Kaukasiar arraza zuriko pertsonak izendatzeko maiz erabiltzen den arraza-kategoria da. Hitza Kaukaso hitzetik dator, Kaspiar Itsasoaren eta Itsaso Beltzaren artean dagoen mendikatea, arraza zuriko gizakiak eskualde horretan jatorri dutelakoan. Egun ordea, zientziak guztiz baztertzen du jatorri hori, baina hala ere zuriak izendatzeko erabiltzen jarraitzen da maiz, bereziki Estatu Batuetan non zuriak izendatzeko termino ofizial moduan erabiltzen den. Terminoaren jatorria 1795ekoa da, Johann Friedrich Blumenbach-ek gizakiak bost sailetan banatu zituenean: kaukasiarrak (zuriak), mongolak (horiak), malaysiarrak (marroiak), etiopiarrak (beltzak) eta amerikarrak (gorriak). Zuriak Kaukasotik datozelako ideia Bibliatik dator, Noeren ontzia mendikate horretan lehorreratu zela baieztatu izan baita. Beste alde batetik, Blumenbach-ek georgiarrak, Kaukasoko etnia bat, arrazo zuriko eredutzat hartzen zituen. Sailkapen hori XIX. mendeko antropologoek bereganatu eta hedatu zuten. Erabilera gaurdaino heldu da, zientzia arloan bazterturik badago ere.