Kintiliano

Kintilianorena da Institutio oratoria erretorikazko liburu bilduma. Irudian, lan horretako 1720ko edizioko frontispizioko irudia.

Kintiliano, latinez Marcus Fabius Quintilianus (Calagurris, egungo Calahorra, K.o. 35 urtean jaioa) erromatar irakasle eta idazlea izan zen, ospetsua erretorikan egin zituen ekarpenengatik, hamabi liburuko Institutio oratoria lanaren baitan bildutakoak.

Gaztetatik erretorika irakasle eta abokatu gisa lan egin zuen. Vespasiano enperadorearen agintaldian (69-79), inperioko lehen erretorika irakasle bilakatu zen. Tito eta Domiziano enperadoreekin lanbide horretan jarraitu zuen, eta Domizianoren birbiloka eta oinordekoen hezkuntzaren ardura eman zioten. Azkenean konsul izatera ere heldu zen.

Institutio oratoria da geratu zaigun Kintilianoren lan oso bakarra. Han, bizitzan zehar abokatu eta irakasle moduan izandako esperientzian jasotakoak azaltzen ditu. Erretorika eta oratoriako gaiak lantzeaz gainera, erretorika bertute publikoaren alde landu behar dela nabarmentzen du, eta baita erretorikan moralak duen garrantzia. Ikasleetzako zigor fisikoen aurkakoa zen, eta hezkuntzan jolasak duen balioaren alde agertu zen.

Horrez gain, Declamationes majores eta Declamationes minores bildumak Kintilianori egotzi zaizkio. Declamationes majores (adierazpen luzeak) Kintialorenak diren zalantzak dauden bitartean, Declamationes minores haren ikasle batek Kintilianoren ahotik jasotakoak direla dirudi.