Klase sozialak edo gizarte klaseak

Klase sozialak edo gizarte klaseak gizarte batean bereizten den hierarkia soziala da, herritarrak klase sozial horietan bereizi eta ordenatu dituena, dimentsio kultural, ekonomiko eta politiko baten arabera. Gizarte estratifikazioaren ondorio zuzen eta argiena da. Etimologikoki, klasea latinezko classis hitzetik dator, eta Erromako hiritarren zatiketa adierazten du, horien jabetza eta eskubideen araberakoa, armadaren antolaketan ere eragina zuena. Esanahi hori Erdi Arora ere zabaldu zen, non ezaguna den basailu eta jauntxoen arteko bereizketa, eta Aro Modernora ere bai, non bereizketa nagusia aristokraziaren eta burgesiaren artekoa zen. Beraz, garai horietan klase sozialak estamentuak ziren, eskubide sozial eta politiko ezberdinak zituzten kolektiboak.

Kapitalismoarekin batera ordea, Karl Marxek klase sozialen interpretazio berria egiten du, eta kapitalaren eta lanaren arteko bereizketan oinarrituz klase sozialen bereizketa proposatzeko: langileen eta kapitalisten artekoa. Gerora ordea, funtsezko bereizketa hori gainditu egin da, eta bereizketa deskribatzailea da gaur egun nagusitzen dena, faktore ekonomikoetan, okupazioan, kontsumoan eta hezkuntza-mailan oinarritutakoa, klase baxua (pobreak), klase ertaina, eta goi klasea edo klase aberatsa bereiziz.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, social class; gaztelaniaz, clase social.

Erreferentziak:

  • https://webs.ucm.es/info/eurotheo/diccionario/C/clases_sociales_a.pdf