Klaustroa (artea)

Kristau arkitekturan, klaustroa (latinezko claustrum hitzetik, "toki itxia") eliza eta monastegietan izaten diren ibiltoki estaliak, lekaime, fraide eta beste erlijioso eta pertsonen aterpeko joan-etorria bideratzen duena, eraikineko atal nagusietara. Komunitate monastikoaren ardatz-tokia dela esan daiteke. Patio itxi baten inguruan kokatzen da gehienetan, erlijioen klausurarekin bat, eta horren erdian lorategi bat egoten da. Hilobiratzeko tokia ere izan da, eta batzuetan funtzio nagusia ere ba, bereziki parrokietako klaustroetan. Sarri, eta bereziki zistertar artean, forma laukizuzena du, gizakiaren lau dimentsioak irudikatuz: gorputza, adimena, izpiritua eta bestearenganako hurbiltzea, hurrenez hurren aiderazten dutenak sukalde eta jantokirako sarbidea, scriptorium eta arteto kapitularrera, elizara, eta azkenik bisita-aretora. Maiz, lorategiaren erdian iturri bat egoten da, handik abiarzten diren lau errekastorekin, Jerusalenen eta egiaren, karitatearen, indarraren eta jakintzaren irudikapen sinboliko moduan. Batzuetan, garbitokia ere badute, tenplete batean, jantokira sartu aurretik eskuak garbitzeko eta funtzio sinbolikoa ere baduena, bizitzaren iturri gisa eta Jerusalengo Brontzezko Itsasoa izeneko harraska irudikatuz.

Klaustro zaharrenak Erdi Arokoak dira, estilo erromanikoak, erdi puntuko arkuekin, sarri hirunaka bilduak, eta apaindura begetalekin. Klaustro erromanikoak zistertar artearen lan adierazgarrienetakoak dira. Arte gotikoko klaustroak apaindiagoak dira, zistertar artean baztertzen ziren giza itxurako eskulturekin.

Hiztegia: ingelesez, cloister; gaztelaniaz, claustro.

222 hitz
Kategoriak