Kodozentzia

Kodozentzia bi irakasle edo gehiagok ikasle talde berdinari, aldi berean eta espazio fisiko berean (ikasgela berean) irakastea da. Horren aurrekariak aspladikoak dira; hain zuzen ere, eta egungo kodozentzia sistemarekin guztiz ez badator ere, Joseph Lancaster hezitzaileak (1778-1838) ikasle taldeak espazio fisiko berean bateratu eta ikasle zaharragoek monitore gisa aritzea proposatu zuen, ikasle talde txikietan banatuz; kodozentzia-sistema Inglaterran jarri zen abian eta  Txilera ere zabaldu zen besteak beste, non agintariek lehentsitako hezkuntza-sistema izan zen. Laster baztertu zen, ordea. Izan ere, eskola sistema publikoak, estatutik araututakoak, eskema zurrunak proposatu ditu hainbat hamarkadetan zehar, ikasleak maila eta taldetan banatuz irakasle bakar baten zuzendaritzapean. XX. mendearen amaieran hezkuntzaren ikerketatik proposatu da berriz ere kodozentzia hezkuntza-esperientzia berri moduan, aukera eta modu anitzekin bada ere. Kasu batean zein bestean, hainbat modu izan daitezke kodozentzia praktikan jartzeko: irakasle bat nagusia izan daiteke, eta bestea(k) laguntzaile hutsa; irakasle bat ikasle arruntekin, eta bestea behar bereziak dituztenekin; irakasleak paraleloan aritzea, baina koordinaturik, irakasle bat orokorra izatea, eta bestea gai batean aditua; gai desberdinetako irakasleak izan daitezke, diziplinartekotasuna lantzeko eta zeregin eta konpetentzia bereko bi irakasle, elkarlanean eta koordinazioan aritzen direnak (batzuen arabera azken hau litzateke benetako kodozentzia). Edonola ere, eta emaitzei erreparatuz, ikerketek kodozentzia ikasleen errendimendu akademikoa zertxobait hobetzen duela frogatu du, nabarmena izan gabe, baina aldi berean hezkuntza inklusiborako tresna dela aipatu da. Hobekuntza hori azaltzeko, hainbat arrazoi aipa daitezke: elkarlanean aritzea irakasleen motibazioa gehitzen du eta koordinazioa hobetu ere bai.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, co-teaching, team teaching.

Ikus, gainera