Kohezkuntza

Kohezkuntza sexuaren arabera bereizten ez den hezkuntza (neskak eta mutilak batera, gela berdinetan eta curriculum berdinekin hezten dituen hezkuntza mistoa alegia) izendatzeko sortu zen. Hortik aurrera, adiera zabalagoa hartzen joan, eta haurrak erabateko berdintasunean hezteko modu gisa definitzen da, elkarren arteko errespetu, bizikidetza eta elkarrizketan oinarritua, maskulinoa eta femeninoa kategoria bateragarritzat hartuz, gizartean sexuaren araberako diskriminazioa ezabatze aldera.

Kohezkuntzarako beharrezko diren elementuen artean, eduki, jarrera eta balio egokiak (hala nola, historikoki nagusi izan diren gizonen ekarpen kultural eta zientifikoekin batera emakumeenak ere nabarmenduz, hizkuntza sexista baztertuz), familiaren lankidetza, haurren autokonfiantza, haurrak garatu nahi dituen jardueretan lagunduz, eta haien gorputzaren autoezagutza daude. Aldi berean, hezkuntzako profesionalen antolaketa egokia ere ezartzea beharrezkoa da, historikoki beheko hezkuntza-mailetara baztertu den andereño haren figura ezabatuz, eta irakasle maskulino eta femeninoen arteko oreka bilatuz.