Kolonialismoa eta kolonizazioa

Kolonialismoa herrialde edo nazio oso baten dominazio iraunkorra ekarri eta iraunarazten duen prozesu historikoa da, kanpoko potentzia baten eskutik, potentzia kolonial edo menderatzailearen aberastasunak gehitzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko helburuarekin egina, gehienetan konkista militar batetik abiarazita. Herrialde menderatuari kolonia deitzen zaio, eta koloniak konkistatu eta menderatzeko hasierako prozesuari kolonizazioa. Gehienetan, potentzia menderatzailea herrialde aurreratu eta garatua da, teknologia maila handiagoarekin, eta herrialde kolonizatua herrialde atzeratuagoa da ekonomikoki, bizimodu apalago eta motelago batekin. Potentzia kolonialen baliabide natural ugari eta lan indar merkea, esklabotzaren bitartez sarri, eskaintzen ditu horretarako. Ohikoa da halaber, herrialde kolonizatuan potentzia menderatzailetik, metropolitik alegia,  etorritako elite militar eta ekonomikoa bizitzea, burges bidean edo burgestutako klase batekin batera; klase horretako kideei kolono deritze. Ezaugarri horiek guztiengatik, kolonialismoa kapitalismoaren hedapen-estrategia bikaina da, bereziki XVI. mendetik XX. mendera arte. Potentzia kolonialak izan dira Espainia eta Portugal, bereziki Hego eta Ertamerikan, eta Frantzia eta Britainia Handia, Afrikan eta Asian. Egun, kolonialismoak aurpegi berria du, neokolonialismo izenekoa, dominazio militarra dominazio ekonomiko eta sozialarekin ordeztuz.