Kolusioa

Kolusioa merkatu bateko enpresen arteko adostasun edo koordinazio esplizitua (itunen bitartez) edo inplizitua, konkurrentzia mugatu edo guztiz ezabatu egiten duena, prezioa garestituz, merkatua enpresen artean banatuz, merkatu-kuota finkoekin, lehiakide berrien sarrera eragotziz zein lehiakide batzuk kanporatuz, eta orokorrean ondasunaren eskaintza murriztu egiten duena. Kolusio inplizitu edo tazitoa oligopolioetan gertatzen den egoera izaten da, haietan, interes kontrajarriak izan arren, enpresen arteko kooperazio adostu gabea epe luzera estrategia emankorrena dela frogatzen baita. Hala ere, teoria ekonomikoan ez dira bereizten adostutako kolusio esplizitua eta kolusio tazitoa, eta kolusiora zergatik heldu den eta horren ondorioak bakarrik aztertzen ditu.  Zuzenbidearen ikuspegitik, ordea, bereizketa guztiz garrantzitsua da: kolusioak kontsumitzaileari beti ondorio kaltegarriak ekarri arren, kolusio tazitoa onartzen den bitartean, adostutako kolusioa edo kolusio esplizitua debekaturik izaten den jokabidea da. Adostutako kolusioa gertatzen denean, enpresek kartel bat osatzen dutela esaten da.