Konfiantza-tarteak

Estatistikan, konfiantza-tartea edo konfidantza-tartea jasotako datuen arabera parametro estatistiko edo populazioaren ezaugarri batek (adibidez, populazio-batezbesteko edo proportzio batek) har ditzakeen balioen multzo bat da, gehienetan tarte moduan adierazita. Adibidez, bozketa batean baiezkoa botoa emango dutenen proportzioa %4-%6 tartean %90eko konfiantzaz izango dela baieztatzen denean, tartearen errore marjina edo estimazio-errorea %1 da (tartearen erdia) eta %90 ezarritako konfiantza maila. Gehienetan, ikertzaileak aurrez finkatzen du errore marjina eta konfiantza maila eta horietarako behar den lagin tamaina zehazten da. 

Ohartarazi behar da, konfiantza tarte batek ez duela ematen parametroa tarte batean egoteko probabilitatea, parametroa tarte horretan egongo baita ala ez, baizik eta gure ezjakintasunean parametroa tarte horretan egoteko aukerak. Ñabardura hori garrantzitsua da tarte bat zehazki interpretatzerakoan.

Konfiantza-tarteen bitartez egiten den tarte-estimazioa (adibidez, populazio-batezbestekoa %95eko konfiantzaz 4 \pm 1 tartean dagoela zehaztea) metodo egoki eta zehatzagoa da puntu-estimazioa baino (adibidez, populazio-batezbestekoa lagin-batezbestekoaz 4 dela estimatzea, besterik gabe), konfiantza-tarteak puntu-estimazioak ematen ez dituen errorearen neurria (\pm 1) nahiz konfiantza zehazten dituelako.

Orokorrean ondokoak betetzen dira konfiantza-tarte bati buruz:

  • zenbat eta datu gehiago izan, tartea orduan eta estuagoa, errorea txikiagoa beraz, izango da, datu gehiagorekin informazio handiagoa dugulako;
  • zenbat eta konfiantza handiagoa eskatu, tarte orduan eta zabalagoa izango da;
  • populazioaren edo datuen bariantza zenbat eta handiagoa, tartea orduan eta zabalagoa izango da, gorabeherak eta bidenabar ziurgabetasuna orduan eta handiagoak izango direlako.

Ikus, gainera