Konstruktoak

Giza eta gizarte zientzietan, eta bereziki psikologian, konstruktoa kontzeptu konplexu eta abstraktoa da, zuzenean beha eta neur ezin daitekeena, eta hainbat aldagai behagarrik batera osatzen dutena. Konstruktoak kontzeptu erabilgarriak dira egitateak laburbildu eta fenomeno konplexuei buruz teoriak eratzeko. Hala nola, konstruktoak lirateke antsietatea, sormena, adimena eta autoestimua; adibidez, adimena, konstruktoa denez, ezin dugu zuzenean behatu, eta hura osatzen duten eta beha daitezkeen hainbat aldagai batzuen bitartez jasotzen dugu, hala nola hizkuntzaren ulermena, espazio orientazioa, erlazioak eratzeko trebetasuna, eta ikasi, konklusioak atera eta erabakiak hartzeko gaitasuna.1 Hedaduraz, konstruktoak kontzeptu abstraktoak, maiz oinarri erreal sendorik gabeak, izendatzeko ere erabiltzen da adiera arruntean (ikus 1. oharra).

Konstrukto oro kontzeptualki nahiz operazionalki defini daiteke: adibidez, adimena kontzeptu konplexu moduan azaltzen saiatzen garenean, modu orokorrean, horren osagai eta elementuei esplizituki aipatu gabe, kontruktoaren definizio kontzeptuala egiten ari gara; berriz, adimena nola neurtzen den azaltzen denean, horren osagaiak eta elementuak zehaztuz, definizio operazionala lantzen ari gara. Definizio operazionalean zehazten ditugun osagai eta elementu horiek aldagai latente edo estaliak dira.

Konstruktoak baliozkoak izan behar dira tresna zientifiko moduan erabili ahal izateko, hau da, modu egonkor batean jaso, behar eta neurtu behar dira. Konstrukto batek adierazten duena modu egonkor eta erregular batean atzeman, behatu eta neurtzeko gauza garenean, maila altuko konstruktoa dela esango dugu. Adibidez, tenperatura konstrukto bat da, kontzeotu abstrakto bat neurtzen duelako, baina maila altuko konstruktoa da, tenperatura zehazki eta modu konstante batean neurtu daitekeelako, neurketa tresna desberdinak erabiliz. Aldiz, adimena maila baxuko konstruktoa da, baliatzen den adimen kontzeptuaren eta neurketa tresnaren arabera, adimenak balio aski ezberdinak izaten direlako.

Ikus, gainera

Oharrak

  1. Adibidez, "Behin baino gehiagotan, materialismo eta “astarrealismo trauskil” hau (nazioak konstruktoak dira! Indibiduoak baino ez dago!)" (Azurmendi, Joxe: Historia, arraza, nazioa, 2014)]

Erreferentziak

1.
construct | psychology. Encyclopedia Britannica. https://www.britannica.com/science/construct. Accessed August 6, 2017.