Kontsentsua

Erabaki kolektiboak hartzean, demokrazia ezinbesteko baldintza bilakatu da garaiotan erabaki horren zilegitasuna ziurtatzeko. Hala eta guztiz ere, erabaki hartze demokratikoa, berdintasunean egindako bozketaren bitartez hartutakoa, ez da gatazkak ekiditen dituen prozesua; areago, gehiengoak gutxiengoei inposaturikoa denean, maiz gertatzen dira komunitatean zatiketak eta hausturak. Bozketaz hartutako erabaki horiek dakartzaten arazo horiek gainditzeko kontsentsua balia daiteke.

Kontsentsua (latinezko consensus hitzetik, literalki "zentzuen batasuna") talde edo komunitate batean erabakiak hartzeko lankidetzazko prozesua da, erabakiak denon adostasunez hartzea bilatzen duena. Esan bezala, ez da bozketaz erabakitzeko modua, gutxiengoei gehiengoaren indarrez ezer inposatu gabe burutu nahi den prozesua baita, kide guztiek partekatzen dituzten balore eta sinesmenetan oinarriturikoa, eta elkarrizketaren eta negoziazioaren bitartez burutua. Ideia okerra da, halaber,  kontsentsua asanbladan, lidergorik gabe, garatzen den prozesua dela; prozesu formal eta zuzendu beharrekoa da ordea, eta horretarako zuzentzaileen beharra izaten du.

Ikus, gainera, "Kontsentsuaren faseak" dokumentu grafikoa.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, consensus; gaztelaniaz, consenso.