Kontserbazioaren teoria (Jean Piaget)

Jean Piageten teorian, kontserbazioa transformazio zenbait (adibidez, soka bat biribilduz) eginda objektu batzuen propietateak (sokaren luzera totala) aldatzen ez direla ulertzeko ahalmena da. Piageten arabera, kontzerbazioaren ulermena 7 urtetik aurrera bakarrik eskuratzen da, operazio konkretuen aldian hain zuzen. Kontserbazioaren teorian lantzen diren propietateak, kopurua, pisua, luzera eta beste magnitudeak izaten dira. Adibidez, ohikoa da likido kopuruari buruzko esperimentua, non haurrari bi baso ur erakusten zaizkion, eta ondoren baso baten edukia baso estu batean isurtzen den, eta ondorioz likidoaren maila igoarazi; kontserbazioaren printzipioa ulertu ez duen haurrak baso estuan likido gehiago dagoela baieztatuko luke. Kontserbazioaren printzipioa operazio konkretuen aldira arte ulertzeko ezintasuna aldi preoperazionalean (2-7 urte) hautemateak duen lehentasunarekin lotzen da, transformazioaren ondorioak logikoki hausnartu gabe. Hain zuzen, kontserbazioa ulertzeko, operazio logiko hauek beharrekoak direla irizten da, operazio konkretuen aldian garatzen direnak baina egoera konkretuetan soilik, egoera orokorretara zabaldu gabe: identitatea (aurretik eta ondoren kopurua berdina da), konpentsazioa (batetik kendu dena bestean gehitu da) eta itzulgarritasuna (lehengo egoera berera itzuliz, magnitudea bere jatorrizko neurrita itzultzen da). Kontserbazioaren printzipioaren inguruko esperimentuak kritikatu izan dira ordea, bereziki ikertzaileak esperimentua garatzean duen rolarekin, egiten dituen galderekin eta darabilen hizkuntzarekin, haurrarengan nahasmena edo sortu etdo erantzun jakinak eragin ditzakeela kritikatuz.

Ikus, gainera