Kontserbazionismoa

Kontserbazionismoa naturguneak babesteko politiken multzoa eta horien aldeko diskurtso ideologikoa da. XIX. mendearen bigarren erdialdean garatu zen lehenbizi, Ameriketako Estatu Batuetan, Industria Iraultzak naturan sortzen ari zen hondamendiaren ondorioak mugatzeko, eta Yellowstoneko natur parke nazionalaren sorrera izan zuen abiapuntua. Geroztik, mundu osora zabaldutako politika izan da, baina bitartean ingurumena zaintzeko beste ikuspuntu batzuk sortu dira, ekologia politikoaren edo ekologismoaren ildotik, kontserbazionismoaren filosofia eta ideologia zorrotz kritikatu dutenak.

Kontserbazionismoaren kritikak babesgune horien kontrol estatalarekin lotu dira, eta baita ere kontserbazionismoak dakarren lurraldearen eta kulturaren homogeneizazioarekin, bertako komunitateak kanporatuz. Finean, kontserbazionismoak eredu estraktiboa eta industriala indartzen ditu babesten dituen naturguneetatik kanpo, planetan "uharte naturalak" sortuz, gainerako lurralde guztia hondatzen den bitartean. XX. mendeaz geroztik, naturgune horiek ustipaen turistiko masiborako erabili izan dira askotan, jasangarritasun globala eta lokala kolokan jarriz.

Funtsean, kontserbazionismoa munduan nagusia den eredu sozioekonomiko nagusiaren eskutik joan bada ere, aldaketak ere izan ditu bere bilakaeran. Hiru aro bereizi dira gaurdaino kontserbazionismoaren historian: lehenengoa, gotorleku-kontserbazionismoa izan zen, naturguneak modu esklusiboan eratzen dituena, populazio lokalak kanporatuz eta naturguneen kudeaketa teknokraziaren esku utziz; kudeaketa horren kritikei erantzunez, elkarrekiko kudeaketa ereduak sortu izan dira gerora, komunitateen parte hartzearekin, horien interesak defendatuz eta lurraldearen garapen jasangarria ahalbidetuz; azkenik, ordea, neoliberalismoak naturguneen kudeaketarako baliabideak murriztu eta naturguneen babesa kolokan jarri du, horien ustiapenerako mugak murriztuz eta baldintzak arinduz, maiz multinazionalen mesedetan, zura eta beste baliabide naturalak harrapatze aldera.

Erreferentziak


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Kontserbazionismoa"; Gizapedian, urtarrila 11, 2019, https://gizapedia.hirusta.io/kontserbazionismoa/.