Kontsumismoa

Kontsumismoa gizarte batean pertsonek produktuak eta zerbitzuak neurriz kanpo eta haien beharrik izan gabe erosteko duten joera da. Kontsumo hutsak zoriontsu eta besteen aurrean hobeak egiten gaituen ideian oinarritzen da, askotan publizitateari jarraiki eta imitazio efektu huts batengatik. Izan ere, kontsumismoa gizarte kapitalista aurreratuen oinarrizko ideologia da, eta  kapitalismoaren garapenerako funtsezko baldintza. Hain zuzen ere, gizarte kapitalista modernoei kontsumo-gizarteak deitu izan zaizkie, kontsumoan oinarritu eta kontsumoa baitute helburu. Obsoleszentzia programatuak, adibidez, kontsumismoa bultzatzeko estrategia hutsa da; bankuek eta bestelako finantza-entitaeek eskaintzen dituzten kredituak neurrigabe kontsumitzera bideratzen dira askotan, eta bulkadazko erosketak, arrazoitu gabeak eta nahikeriazkoak, bultzatzen dira.

Kontsumismoaren ondorioak latzak dira: ingurumenean arazo larriak sortzen ditu, baliabideen gehiegizko ustiapenak eta materialen isurketak eraginda, eta pertsona eta familien finantza-egoera kaltetu egiten du guztiz, behar ez dituzten gauzak erosita, askotan zorpetu egiten baitira, familiako aurrekontuak desorekatu eta haien oinarrizko beharrak asegabe uzteraino helduz.

Alternatiba gisa, kontsumo arduratsua edo zentzuzkoa proposatzen da, kontsumitzen dugun gauza orok gizartean eta ingurumenean duen eraginaz kontzientzia hartuz, eta gure kontsumoa gure benetako beharretara egokituz. Horretarako, ezinbestekoa dira hezkuntza-programak bideratu, bereziki haur eta gazteen artean, eta kontsumoa agenda publikoan sartzea.