Kontu-sail bikoitza

Kontu-sail bikoitzeko bi sailak: zor eta hartzeko.

Kontu-sail bikoitza kontabilitatean gehien erabiltzen den erregistro-sistema da. Horren arabera, finantza-eragiketa bakoitza bi kontu erabiliz erregistratzen da, kontu horiek zor eta hartzeko sailetan jarriz hurrenez hurren, eragiketaren izaeraren arabera.

Zor aldean (ezkerrean) jaso egiten duen kontua jartzen da, enpresari inbertsioa dakarkiona, eta hartzeko aldean eman egiten duen kontua, enpresa finantzatu egiten duena. Adibidez, gure diruarekin makina bat erosten badugu, 1000 eurotan, honela idatziko genuke, makineria (inbertsioa) zor aldean jarriz (ezkerrean) eta makineria finantzazioa (Kutxa, gure dirua) hartzeko sailean (eskuinean):

1000 Makineria                   Kutxa 1000

Horrela, eragiketaz eragiketa kontuaren saldoa edo zenbatekoa osatzen joango da. Ekitaldi ekonomikoaren bukaeran, kontu bakoitzaren saldoa kalkulatu behar da Liburu Nagusia izeneko agirian, balantzean jartzeko. Liburu Nagusian kontu bakoitzeko eragiketak T moduko eskema batean laburbiltzen dira, ezker aldean zor sailean erregistratutako zenbateko guztiak jarriz, eta eskuin aldean hartzeko sailean erregistratutakoak. Saldoa zor eta hartzeko zenbateko totalen diferentzia izango da: saldoa zorduna izango da, zor sailekoa hartzeko sailekoa baino handiagoa denean (ezkerreko batura eskuineko batura baino handiagoa denean), eta saldo hartzekoduna izango dugu hartzeko sailekoa zor saileko baino handiagoa denean (eskuineko batura ezkerreko batura baino handiagoa).

KUTXA kontuko saldoaren kalkulua Liburu Nagusian, non kontu hori erabili den eragiketa guztien laburpena egiten den. Bost eragiketetan hartu du parte KUTXA kontuak (bost alditan baliatu da dirua) eta beraz bost idazpen osatu dira: bitan dirua jaso egin dugu (3000+2000), eta beste hirutan ordaindu edo finantzatu (1000+2000+500). Zor aldea handiagoa da hartzeko aldea baino, beraz saldoa zorduna da.

Aktiboko kontuek saldo zorduna dute beti, berez inbertsioak direlako (makineria, bankuko kontuak, ...) eta ondare garbiko eta pasiko kontuek saldo hartzekoduna, finantzatu egiten baitute aktiboa (maileguak, kapitala, ...). Halaber, aktiboko elementu baten gehikuntza zor sailean erregistratzen da,  eta gutxipena hartzekoan. Aitzitik, ondare garbiko eta pasiboko elementuen gehikuntza hartzeko sailean ezartzen dira, eta gutxipenak zor aldean.

Luca Pacioli italiar fraidea (1447-1517) izan zen kontabilitate-sistema honen xehetasunak jaso eta garatu zituena, antzinatik erabili bazen ere.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, double-entry bookkeeping; gaztelaniaz, partida doble.

Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Kontu-sail bikoitza"; Gizapedian, 19 abuztua, 2020, https://gizapedia.hirusta.io/kontu-sail-bikoitza/.