Kuantilak

Estatistikan, kuantilak datu-multzo edo banakuntza bat datu kopuru edo probabilitate berdinetan zatitzen dituzten aldagaiaren balioak dira. Beste era batera esanda, azpitik eta gainetik datuen edo probabilitatearen ehuneko jakin eta zehatz bat uzten duten balioak dira. Adibidez, 12garren pertzentil izeneko kuantilak datuen %12ak uzten ditu azpitik (%88ak gainetik). Beste adibide bat: 10-kuantilek, dezilak (D1, D2, ..., D9) ere deituak, datu multzoa datu kopuru bereko 10 zatitan banatzen dute; hala, ikasle-talde batek proba batean lortutako puntuazioei buruz, D1 dezilak bere azpitik ikasleen %10ak edo %10eko probabilitatea uzten duen puntuazioa da. Zehatzago, banakuntza k zatitan banatzen duten balioei k-kuantil deitzen zaie eta batzuetan izen bereziak hartzen dituzte (ikus, pertzentilak, dezilak, oktilak, kintilak eta kuartilak):

  • 100-kuantilak edo pertzentilak (P1, P2, ..., P99); adibidez, P20 balioak datuen %20ak uzten ditu azpitik;
  • 10-kuantilak edo dezilak (D1, D2, ..., D9);
  • 8-kuantilak edo oktilak;
  • 5-kuantilak edo kintilak;
  • 4-kuantilak edo kuartilak (Q1, Q2, Q3) eta estatistika neurri askotan maiz erabiltzen direnak.

Ohartu behar da mediana kuantil berezi bat dela, 2-kuantila alegia, dagoen bakarra hain zuzen; izan ere, medianak bi zatitan banatzen du banakuntza, alde banatan %50 utzita.