Kudeaketa pasiboa eta funts indexatuak

Finantzetan, kudeaketa pasiboa inbersio-funts bat osatu eta kudeatzeko estrategia bat da, merkatuko indize batean barneratzen diren aktiboak eskuratzen dituena indizean dituzten proportzioen arabera, epe luzera merkatuek ustez izango duten joera gorakorra harrapatze aldera. Beste hitzetan, kudeaketa pasiboaz kudeatzen den funts batek indize baten erreplika edo errepikapena egiten du, eta horregatik funts indexatuak (indize baten araberakoak) direla esaten da.

John C. Bogle izan zen 1976 urtean lehen funts indexatua, kudeaketa pasiboarekin, osatu zuen lehena, berak sortutako Vanguard inbertsio-enpresaren baitan. Geroztik Vanguard enpresa munduko kudeaketa pasiboaren erreferentzia nagusia bilakatu da, eta mundu mailako inbertsioen laurdena gutxigorabehera kudeaketa pasiboaz kudeatzen da (2018). Bogleren ideiaren abiapuntua merkatuen errentagarritasun globalak inbertsio-enpresa gehienek eskaintzen zuten errentagarritasunetatik gora zeudela ikustea izan zen. Izan ere, enpresa horiek merkatuko errentagarritasunetik gorako irabaziak eskuratzen zituzten, baina kudeaketa-gastuak jan egiten zituen irabazi gehigarri horiek, azkenean merkatuko irabazietatik behera geratzeko. Ikusita merkatuaren erreplika egiteak kudeaketa eskasa (pasiboa) eskatzen duela, kudeaketa-gastuak aurreratuz funts indexatuak inbertsio-enpresa horiek baino irabazi handiagoak lortzen hasi ziren.

Hiru motako erreplikak bereizten dira kudeaketa pasiboan:

  • erreplika fisikoa, funtsean indizea osatzen duten finantza-aktibo berberak barneratzen direnean;
  • laginketazko erreplika, funtsean indizearen errentagarritasun eta arrisku berdinak dituzten aktibo multzo mugatu bat barneratzen denean;
  • erreplika sintetikoa, ez dira indizea osatzen duten aktiboak eskuratzen, horien produktu deribatuak baizik.

Hastapen horietatik ideia nagusia ez da aldatu eta kudeaketa-gastu txikiak, dibertsifikazioa eta merkatuaren pareko epe luzerako errentagarritasunak eskuratzea dira kudeaketa pasiboaren abantaila nagusiak. Hala ere, epe luzerako inbertsioetarako soilik da baliagarria da, eta likidezia-arazoak ekar ditzake, bereziki merkatuetan masazko edo izu-mugimenduak daudenean.