Kuotazko laginketa

Kuotazko laginketa, kuotakako laginketa edo kuota-laginketa ikertzaileak lagina populazioaren ezaugarriren batekin bat etorrarazteko asmoarekin egiten duen laginketa mota da. Adibidez, gipuzkoarren artean %60 euskaldunak badira, eta ikertzaileak hezkuntza-mailari buruzko ikerketa baterako lagina aukeratzean euskaldunentzat %60ko kuota behartzen badu, kuotazko laginketa egiten ari da. Kuotazko laginketak guztiz desegokiak dira estatistikoki, kuota ezartzen den aldagaiari buruz adierazgarriak izan arren, populazioko beste aldagai eta ezaugarriei buruz lagin alboratuak ematen dituztelako orokorrean, ikertzailearen hasierako asmoaren aurka. Areago, kuotazko lagin batekin ezinezkoa da lagin-errorea kuantifikatzea, hots laginaren emaitzak populazioaren ezaugarriari buruz zenbat desbideratzen den kalkulatzea. Beraz, kuotazko laginketa ez da inondik ere zorizko laginketa eta ondorioz ez da egokia populazioaren ezaugarriak behar bezala estimatzeko.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, quota sampling; gaztelaniaz, muestreo por cuotas.