Kutsatze soziala

Kutsatze soziala edo gizarte kutsatzea pertsonek jendetza edo gizatalde gutxi gorabehera handi batetik jokabideak eta sentimenduak bereganatzeko fenomenoa da. Animalien portaerari zabaldutako teoria ere bada; adibidez, artalde eta txori saldoen baterako jokabidea ikertzeko. Gustave Le Bon (1841-1931) psikologoari zor zaio izan zen fenomeno horren ikerketan aitzindari, eta aldi berean fenomeno horrekin loturiko jendetza-psikologia edo masa-psikologiaren sortzailea. Kutsatze sozialaren teorian jokabideak hauteman eta komunikatu egiten dira, eta horren ondorioz maiz indartu eta ugaldu egiten dira. Era guztietako gizarte fenomenoak azter daitezke kutsatze sozialaren teorian eratzen joan diren tresnekin, baina bereziki kontsumoarekin, botoarekin eta jarrera politikoekin, kaleko istiluen dinamikarekin, eta berrikiago Internet-eko informazioarekin partekatzearekin. Modelo eta teoria zenbait eratu dira kutsatze soziala azaltzeko: batzuen arabera, kutsatzea ziurgabetasun egoeretan sortuko litzateeen jokabidea lizateke (badaezpada ere, gehiengoari jarraituz); beste batzuen arabera, berriz, aldez aurretik subjektuek lituzketen motibazioek eragindakoa litzateke, eta beraz pertsonen arteko antzekotasunek sortzen dituzten ondorio berdintsuen multzoa; azkenik, prozesu inkontzientea eta primitibotzat ere hartu da, prozesu intrapsikikoen emaitza, besteen emozioak norberak ere barneratzen dituenean. Edonola ere, anonimotasuna, inpertsonaltasuna (adibidez, taldearen nagusitasuna pertsonaren gainetik), anplifikazioa (taldearen indargarri positiboak, adibidez txaloak edo bestelako sari ukiezinak), sugestioa eta nekea kutsatze sozialaren aldeko faktoreak direla frogatu da.1

Beste hizkuntzetan: ingelesez, social contagion; gazteleraz, contagio social.

Erreferentziak

1.
Contagio. Piscología social. slideshare. https://www.slideshare.net/YUE1994/contagio-psicologia-social. Accessed 2018.