Lagapen prezioak (transferentzia prezioak)

Enpresa sail eta atal bereizietan banaturik dauden kasuetan, horietako bakoitzak kudeaketa-kontrol autonomoa izate aldera, lagapen-prezioak edo transferentzia-prezioak sail batetik bestera gertatzen diren material, produktu eta zerbitzuen sarrerak eta irteerak baloratzeko zehazten diren kontabilitate-balio edo prezioak dira.

Adibidez, altzariak egiten dituen enpresa batean piezen mozketa egiten sailak muntaketa sailari piezak salduko balizkio bezala planteatu daiteke lagapen-prezioen sistema batean, muntaketa-sailari mozketa-sailetik etorritako pieza bakoitzeko prezio zehatza jarriz.

Lagapen-prezioei esker, sail edo atal bakoitzak, zein bere arduradunarekin,  kostu eta mozkinen kontabilitate bereizia eraman dezake, sail bakoitzeko kostuak zehaztu eta horrekin batera saileko eraginkortasuna baloratu ahal izateko. Saileko kostuak ezagutzeaz gainera, kostu horiek sailetatik produktuetara eramanez eta sailak ekoitziriko lan-unitateekin zatituz, produktu bakoitzaren kostua finka daiteke.

Lagapen prezioak finkatzeko zenbait irizpide daude:

  • Merkatuko prezioaren arabera. Irizpide hau objektiboa eta argitaraturiko tarifetan, datu estatistikoetan eta hornitzaileei jarritako prezioetan oinarritu daiteke. Egia esan, lagapen-prezioa merkatuko prezioa baino txikiagoa izaten da, merkataritza eta garraio gasturik ez dagoelako lagapenean.
  • Negoziaturiko prezioak finka daitezke, sail boteretsuek euren prezioa inposatzearen arriskuarekin. Horregatik garrantzitsua da negoziazio-prozesua gardena eta objektiboa izatea.
  • Kostuetan oinarritutako prezioak jar daitezke. Kostu horiek estandarrak edo aurresikusitakoak izan daitezke. Horrela, ordea, sailek ez dute mozkinik izango eta ondorioz sailez saileko deszentralizazioaren, independentziaren eta autonomia kolokan geratuko lirateke, mozkin guztiak azken sailak, merkataritzakoak, eskuratuko lituzkeelako. Oztopo hori gainditzeko kostu estandarrari mozkin portzentaje bat gehitu dakioke.
  • Kostu osoa (finkoa gehi aldakorrak) ezar daiteke, baina horrela oztoposatu egiten da lagapena egiten duen sailaren kontrola, horren inefizientziak ez baitira agerian geratzen.
  • Kostu aldakorra har daiteke lagapen-preziotzat, eta horrela sail bakoitzeko kontribuzio-marjina agerian geratuko litzateke. Kostu finkoak hobeto kontrolatzen dira metodo honekin. Eragozpen moduan, sail lagatzaileak bere kostu finkoak berreskuratzeko zailtasunak izango ditu; eragopzen hori gainditzeko, portzentaje batez gehitu daiteke kostu aldakorra.

Lagapen prezioak ohikoak dira gainera multinazionaletan, maiz asmo maltzur batekin. Haietan, atalak herrialdearen araberakoak izaten dira, eta helburua presio fiskal handiena duen herrialdean zerga txikiagoak ordaintzea, horretarako herrialde horretako atalari transferentzia-prezio handiak ezarriz, eta horrela herrialde horretako mozkinak gutxituz.

Hiztegia: ingelesez, transfer prices; gaztelaniaz, precios de transferencia, precios de cesión.

 


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Lagapen prezioak (transferentzia prezioak)"; Gizapedian, azaroa 11, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/lagapen-prezioak-transferentzia-prezioak/.