Laizismoa

Laizismoa gizartea, eta zehazkiago horren erakundeak, bereziki estatua, elizen, erlijioen eta moral erlijiosoaren eraginetik at eratu eta garatu behar direla aldezten duen joera soziala da, sekularismoaren aldekoa. Hala, gizartearen erakundeak eliza eta klerikoen esku daudenean, sekularizazioa bultzatzen du. Jarrera laizista dutenak ez daude erlijioen aurka, baina sinesmen erlijiosoak eremu pribatuan beste inon garatu behar direla baieztatzen du, eskolatik (adibidez, heziketa erlijiosoa ikastetxe publikoan arbuiatuz), zuzenbidetik (ezkontza erlijiosoen balio zibila ukatuz, adibidez) zein kulturatik (adibidez, ekitaldi erlijiosoetarako diru laguntzak ukatuz).

Historian, laizismoak Ilustrazioaren ideal nagusietako bat izan zen, eta sekularizazio prozesu zabal batez burutu zen Frantziako Iraultzan: bataio, ezkontza eta heriotzen erregistroari elizaren eskuetatik kenduz, elizak eta monastegiak espropiatuz, gregoriar egutegia ezabatu eta horren ordez, egutegi iraultzailea jarriz. XIX. mendean eta XX. mendean joera laizistak nagusitzen joan ziren, demokraziarekin eta liberalismoarekin batera, Frantziako Iraultzan hartutako neurrietara heldu gabe.