Langabetua eta langabezia-tasa (definizioak)

Nazioarteko Lan Erakundearen arabera, langabezian dauden pertsonak edo langabetuak, aldi berean lanik izan ez eta lan egin nahi duten, aktiboki lana bilatzen ari diren eta lanean epe labur batean hasteko prest dauden pertsonak dira. Langabezia-tasa edo desenplegu-tasa berriz, biztanleria aktibotik (lanean dauden pertsonak gehi langabetuak) langabezian dauden pertsonen proportzioa da.

Aipatu dugun langabeziaren eta langabezia-tasaren definizio hori Encuesta de Población Activa (euskaraz, Biztanleria Aktiboari buruzko Inkesta) izeneko inkestan erabiltzen da Espainian, hiru hilabetero plazaratzen dena.

Hala eta guztiz ere, badaude langabetuaren beste definizio batzuk. Espainian, langabetu erregistratuak, eta langabezia erregistratuaren tasa ere zenbatzen dira, alegia Enplegu Zerbitzu Publikoan (Euskadin, Lanbiden) izena emanda dauden pertsonak eta horien proportzioa biztanleria aktiboan. Erregistro horrek ordea ez du zenbatzen benetan langabezian dauden pertsonak: badira pertsonak erregistratuta egonda ere, lan bila aktiboki bilatzen ez dutenak; eta beste batzuk erregistraturik ez daudenak eta lan bila dabiltzanak. Hartara, Biztanleria Aktiboari buruzko Inkestak eta enplegu-bulegoetako erregistroek ematen dituzten langabetu kopuruak aski desberdinak izan daitezke. Gehienetan, Inkestak langabetu kopuru handiagoa ematen du, pertsona asko ez baitira erregistratzen lan bila ibili arren.