Latifundioak eta minifundioak

Latifundioa (latinezko latifundium hitzetik)nekazaritzarako edo abeltzaintzarako ustiatzen azalera handiko lursaila da, latifundista deritzon jabe bakar batena, orokorrean nekazaritza estentsiborako erabilia, produktu bakarrarekin edo bakan batzuekin eta produktibitate eskasekoa. Minifundioak berriz, azalera txikiko lursailak dira, jabe desberdinak dituztenak, eta gehienetan nekazaritza intentsiborako erabili ohi direnak. Latifundioak eta minifundioak bereizteko muga zehatza lausoa da ordea; adibidez, 20 Hako lursaila minifundioa izan daiteke eskualde batean, azalera handiagoko lursailen artean badago, eta latifundioa beste batean. Horien erabilera ere aldakorra da; adibidez, minifundioak nekazaritza intentsiborako erabili ohi diren arren, produktuibtate handiarekin, badira minifundioak kapital intentsibo nahikoa (makineria, ...) inbertitzeko tamaina kritikora heltzen ez direnak, eta produktibitate eskasarekin, autokontsumorako soilik erabiltzen direnak.

Latifundismoa eta minifundismoa latifundioak eta minifundioak, hurrenik hurren, nagusitzen diren nekazaritza-egiturak dira. Nekazaritza-egitura horiek kondizio sozialak eragiten dituzte guztiz; hala, latifundismoan nekazaritza-langileen esplotazioarekin lotzen da, latifundistak inposatzen dituen lan-baldintzak direla eta. Latifundismoaren aurka, nekazaritza erreformak bultzatu dira historian zehar, latifundioak espropiatuz eta desjabetuz, eta nekazaritza langileen artean banatuz, produktibitatea gehitu eta horien bizimodua hobetzearren.

Latifundismoaren eta minifundismoaren arrazoiak historikoak nahiz geografikoak izan daitezke. Minifundioak adibidez, bereziki mendi inguruetako jabetza-egitura izan da, eta bailara eta lautadak latifundioak eratzeko paisaia egokienak, lursailak zabaltzeko erraztasunagatik. Ingurura egokitzen den laboreak ere badu garrantzirik; adibidez, zerealak latifundioetan laboratu ohi dira, latifundioak zerealak produktibitate handiarekin ekoizteko aproposak direlako, eta baratzeko produktuak minifundioak, horietarako nekazaritza intentsiboa behar delako, lursail txikietan. Arrazoi historikoak ere garrantzitsuak izan dira; adibidez, kolonizazioan latifundioak eratzeko joera izan da, kolonoen eskuetan, bertako langileekin, lan-indar merkea probestuz.