Lege salikoa

Lege salikoa (latinez, Lex Salica) saliar frankoen lege kodea zen Erdi Aroko Europan, Klovis I.ak VI. mendearen hasieran bildu eta indarrean jarri zuena. Besteak beste, emakumeak monarkiaren tronuaren ondorengoa edo oinordekoa izatea ukatzen zuen. Gerora, lege salikoa emakumea tronuaren ondorengotza eskuratu eta erresumako buru izatea debekatzen duen arau guztiekin identifikatu da. Espainian, lege salikoa Filipe V.ak ezarri zuen 1713 urtean, baino soilik legezko ondorengo gizonezkorik zegoen kasuetarako.

XIX. mendean lege salikoaren inguruko botere gatazkak, ideologikoki absolutista eta liberalen artean, Karlistaldia piztu zuen. Fernando VII.ak lege salikoa derogatu edo indargabetu zuen 1830 urtean, Karlos IV.ak 1789 urtean egindako Santzio Pragmatikoa plazaratuz. Izan ere, Fernando VII.a hilabete batzuk lehenago Maria Cristina de Borbon-Dos Sicilias printzesarekin ezkondua zen, eta semerik izan ezean, alaba zaharrenak tronua eskuratzea nahi zuen. Santzio Pragmatikoak aurreikusten zuena gertatu zen azkenean, eta 1830ean bertan Isabel printzesa jaio zen, semerik ezean Santzio Pragmatikoari esker ondorengotza eskuratuko zuena, Fernando VII.aren anaia Carlos Maria Isidroren kaltetan. Fernando VII.a larriki gaixotu egin zen eta hil ala biziko kinka horretan Carlos Maria Isidroren jarraitzaileek, absolutista porrokatuak, Fernando VII.ak Santzio Pragmatikoa indargabetzeko konbentzitzea lortu zuten, Isabel printzesaren kaltetan eta Carlos Maria Isidroren alde. Fernando VII.a aldi labur batez sendatu eta Santzio Pragmatikoa berrezarri zuen, lege salikoa indargabetuz berriz, eta ondorioz Carlos Maria Isidrori ondorengotza ukatuz. 1833 urtean Fernando VII.a hil eta gero, semerik gabe, Isabel printzesak Espainiako tronua eskuratu eta Carlos Maria Isidroren jarraitzaileak matxinatu ziren, liberalen eta absolutisten artean, isabelinoen eta karlisten artean, gerra piztuz. Lehen Karlistaldia abian zen.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, Ley Sálica.