Lehia perfektua

Lehia perfektuakonkurrentzia perfektua edo konkurrentzia osoa industria edo sektore batean,enpresa edo saltzaile asko, erosle asko, erosketa eta salmenta kopuru txikiekin, industriara sartzeko eta irteteko hesirik gabe, produktu bakar eta homogeneo bat, ekoizpen-faktoreen erabateko mugikortasuna, eta informazio guztiz partekatua eta gardena batera gertatzen direnean sortzen den merkatu-egitura da. Ekonomian maiz erabiltzen den hipotesi teorikoa da, bereziki ekonomia neoklasikoan, nolabaiteko merkatu-egoera ideala delako, analitikoki sinplea, zehatza eta gardena. Errealitatean nekez aurkitzen den arren, lehia perfektuaren merkatu-egiturara hurbiltzen diren  merkatuak badaude, hala nola, barazkien merkatu lokalak eta urrearen merkatua mundu mailan.  Lehia perfektua aztertzeko beste arrazoi bat lehia perfektukoak ez diren merkatuak dira, beste merkatu-egoera horiek (monopolioa, oligopolioa, lehia monopolista) harekin alderatuta aztertzen baitira, egoera ideal horretatik prezioak eta eskainitako kopuruak zenbat aldentzen diren zehaztuz. Paradoxikoa den arren, lehia perfektuan ez dago enpresen arteko batere lehiarik: produktua homogenoa izanik, desberdindu ezin denez, eta industriako enpresa kopurua oso handia denez, enpresek ez dute prezioa finkatzeko inongo ahalmenik, eta merkatuan ezartzen den prezioa onartu behar dute, prezio horretan nahi adina salduz ordea, faktoreen mugikortasunari esker; horrela, lehia perfektuan enpresak prezio-hartzaileak direla esaten da.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, perfect competition; gazteleraz, competencia perfecta; frantsesez, concurrence pure et parfaite, concurrence parfaite.