Lehiakortasuna (konpetitibitatea)

Enpresa batek lehiakortasuna, konpetitibitatea edo konkurrentzialtasuna duela esaten da, lehiakorra edo konpetitiboa dela alegia, enpresak lehiakideek baino hobeto diharduenean, hau da, produktibitatea handiagoa eta errentagarritasun handiagoa eskuratzeko ahalmen handiagoa duenean, horrela lehiakideei merkatu-kuota kendu eta merkatu berrietara zabaltzeko. Hainbat faktore endogeno daude enpresa batean lehiakortasuna gehitzeko, hala nola ekoizpen-prozesua efizienteago burutuz, kostuak murrizte aldera, berrikuntza garatuz, giza baliabideak eta finantzak hobeto kudeatuz. Beste alde batetik faktore exogenoak ere badaude, lehiakorra izatea errazten dutenak: ingurune makroekonomikoa eta sektore ekonomikoaren berezko ezaugarriak. Michael Porter enpresako estrategian aditu ezagunak abantaila konpetitiboaren kontzeptua garatu zuen 1980an, propio eta iraunkorrak diren faktore konpetitiboak izendatzeko, kostu-lidergoa eta produktu-desberdintzea bereziki.