Lepo zuriko langileak

Lepo zuriko langileak bulegoko lanak egiten dituzten behe mailako langile administratibo eta teknikoak dira, eskulana egiten duten lepo urdineko langileengandik bereizten direnak. Historian, lepo zuriko langileek lepo urdinekoek baino soldata handiagoak jaso dituzte, eta langile borrokan protagonismo txikiagoa izan dute. Horregatik, terminoa era gutxiesgarrian erabili izan da askotan. XX mendearen bukaeratik lausotzen joan da bi langile mota horien arteko muga, teknologia berriak direla eta langile guztiek ataza administratibo eta teknikoak egin behar izaten baitituzte. Lepo zuriko izendapena Upton Sinclair estatubatuar idazleak asmatu zuen, bulegoko langileek eraman behar izaten duten alkandora gaineko lepo zuriari erreferentzia eginez.


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Lepo zuriko langileak"; Gizapedian, abuztua 13, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/lepo-zuriko-langileak/.