Lidergoa

Lidergoa helburuak lortzearren besteenganako eragina izateko prozesua da, lider izeneko pertsona bat aitzindaritzat duena. Liderra helburuak lortzeko ekimenak abiarazi eta garatzeko ahalmena berezia duen pertsona litzateke, jarraitzaileengan helburu haiek lortzeko itxaropenak piztu eta iraunarazi, eta jarraitzaile horiek helburu haien alde lanean jartzen duena.

Nabarmendu behar da lidergoa ez dela pertsona baten ezaugarria edo ahalmena, baizik eta prozesu bat. Horrela, edozein izan daiteke liderra, eta lidergoa egoera jakin batean sortzen den interakzioa da, liderraren eta jarraitzaileen artean, nahiz eta egia izan liderrak nortasun-ezaugarri bereziak izaten dituela, bereziki karisma. Ildo horretatik, lidergoa ez dagokio ezinbestean hierarkiari, maiz liderrek hierarkiako goi-mailan egoten badira ere, baina lidergoak badakarrela berarekin batera agintea eta boterea, finean lidergoa besteenganako boterea edo eragina baita. Beste alde batetik, bereizi behar dira liderraren eta zuzendariaren rolak: lidergoa aldaketarako prozesua da, balio, ideal eta emozioetan oinarritua, zuzendariak helburu teknikoak betetzeko aukeratu den pertsona den bitartean, erakundeki pertsonak horretarako trebatuz, gidatuz eta kontrolatuz. 1

Lidergoa aztertzeko ikuspegi zenbait garatu dira, bateragarriak elkarren artean:

  • ikuspegi normatibotik, lidergoa arrakastatsua izateko faktoreak eta egoerak aztertzen ditu;
  • ikuspegi psikologiko batetik, liderraren nortasun-ezaugarriak eta trebeziak aztertzen dira; horren baitan, ikuspegi konduktistak lidergo-estilo desberdinak ezarri ditu: demokratikoa, autokratikoa eta  liberala bereziki.
  • ikuspegi situazional batetik, lidergoa garatzen den egoerak aztertzen ditu, egoera jakin batzuetarako egokiak liratekeen lidergo-motak zehazteko, kontigentziaren teoriari jarraiki.
  • ikuspegi interakzionista batetik, lidergoa kondizio sozilaek sortzen dutela, eta aldi berean liderrek kondizio horiek aldatzen dituztela ezartzen da; eta aurreko ikuspegi horretatik sortzen ikuspegi konstrukzionistatik, liderrak kondizio sozialak bere interesen alde aldatuko dituela baieztatzen du.2

Erreferentziak

1.
Castro Solano A. Teoría Y Evaluación Del Liderazgo. Paidós; 2007.
2.
Dowding K. Leadership. In: Encyclopedia of Power. ; 2011:373-377.