Limen latinezko hitza ataria edo muga adierazten duena. Beraz, liminala dena mugan dagoena adierazten du. Liminitatea azkenik, liminala izatearen nolakotasuna da, ez alde batean ez bestean dagoenaren ezaugarria, trantsizio-egoera bat. Terminoa bereziki antropologian erabili da, Arnold Van Gennep eta Víctor Turner antropologoern eskutik, iragate-errituak aztertzerakoan. Haien arabera, liminalitateak errituen ahalmen berritzailea agerrarazten du, egunerokoaren hierarkiak eta mugak ezabatuz, anbiguotasunaren, ikusezintasunaren eta ezaren bitartez (adibidez, ohikoa da iragate-errituaren subjektu indibiduala jantzi bereziak soinean eramatea, aparteko toki batera eramatea eta publikoaren bistatik kanpo egotea) eta aldi berean komunitatea indartuz eta gizartean kokapen berriak sortzeko aukerak bideratuz.