Luteranismoa eta luteranoak

Luteranismoa Martin Lutero (1483-1546) apaiz eta teologoak bultzatu zuen Erreformaren jarraitzaileen kredo erlijiosoa da, Eliza Katolikotik aparte bide propioa jarraitu zuena XVI. mendetik. Bereziki, Alemanian, Eskandinavian eta Baltikoko herrialdeetan dago zabaldurik, eta jatorri horietako herritarrak ugari diren Estatu Batuetako eskualdeetan. Luteranoek salbamenerako baldintza fedea dela nabarmentzen dute, eta horretarako Bibliaren irakaspenen jarraipena azpimarratzen dute, Aita Santuaren eta hierarkia erlijioso ororen zilegitasuna ukatuz. Horrela, sinesle guztiek parte hartzen dute apaizgoan, eta predikatzeari garrantzi berezia ematen diote. Hiru sakramentu besterik ez dute onartzen: bataio, eukaristia eta penitentzia.