Malenkonia, malenkoniatsua (melankolia)

Malenkoniaren irudikapena. Hendrick ter Brugghen (1588-1629). Malenkonia bizitzaren zentzugabetasunaz jabetzearekin maiz lotzen den sentimendua da.

Antzinatik artean irudikatua eta literaturan idatzia, malenkonia edo melankolia tristura eta nahigabezko aldarte iraunkorra da, arrazoi jakinik gabekoa (dolua ez bezala) eta pertsonaren izaeran bertan jatorria duena; hain zuzen, antzinako grezierazko etimologia duen hitza da eta literalki behazun beltza esan nahi du, malenkonia gorputz barrenek eragindakoa zela uste baitzen antzina. Medikuntzan depresioaren antzeko egoera emozionala dela esan daiteke, baina filosofiatik ere aztertu da; hain zuzen, Aristotelesek jenio edo talentuen ezaugarria zela adierazi zuen. Irudikapena osatzeko, esango genuke pertsona malenkoniatsuak bere baitan bilduak egoten direla,  pentsamenduz beterik baina horiek gauzatzeko kemenik gabe. Berpizkundean eta Barrokoan, malenkonian sormena, irudimena eta zentzumenak pizturik daudela irizten zen, eta beraz artisten ezaugarritzat hartzen zen. Joera hori erromantizismoan nabarmendu zen, malenkonia sentimendu gorentzat hartuz, naturarekiko atxikimendua, mundutik ihesa eta ego subjektiboa aldarrikatuz. Goetheren Werther gaztearen arrangurak lana joera horren erakusgarria da, non Werther hiriko bizitzari uko egiten dion, eta herri txiki batean aurkitzen duen paradisua, paradisu faltsua, azkenean amodioz bere buruaz beste egingo baitu. Existentzialismoan gizakiaren funtsezko ezaugarritzat hartzen da, bizitzaren zentzugabea, larritasuna eta absurduaren aurrean.  Literaturan eta artean inspirazio iturri izan da, maiz irudikatua, baita zineman ere; hain zuzen, Lars Von Trier zinemagileak Melancholia filma plazaratu zuen 2011an, non berehalako munduaren amaieraren aurrean, pertsonaien erreakzioa malenkonia egoeran jaustea den.

Aipuak

  • Gizonezko askok haustura-garaietan bizitzen dutena melankolia dela eta ez bakardadea; melankoliak, iraungo badu, galdu den zerbaiti buruzko bazka etengabea behar duela. Anjel Lertxundi, Zorion perfektua. 
  • Zer da bestela bizitza, melankoliari ihes egitearen artea ez bada? Pako Aristi  

Beste hizkuntzetan: ingelesez, melancholy; gaztelaniaz, melancolía.

Erreferentziak


Artikulu hau honela aipatu: Sarasola, Josemari, "Malenkonia, malenkoniatsua (melankolia)"; Gizapedian, urria 8, 2018, https://gizapedia.hirusta.io/malenkonia-malenkoniatsua/.