Maniobra-funtsa (errotazio-funtsa, kapital zirkulatzailea)

Maniobra-funtsa ondare garbiarekin eta pasibo ez korrontearekin (epe luzerako finantzazioarekin) finantzatzen den aktibo korrontearen zatia da.

Enpresek aktibo korrontea (izakinak, biltegiko produktu bukatuak bezeroei oraindik kobratu gabeko fakturak, dirua) behar dute euren ekoizpen eta salmenta-zikloa betetzeko (ikus, batez besteko heltze-aroa). Adibidez, denda batek denbora guztian behar ditu salgaiak (aktibo korrontea) bezeroei saltzeko, bestela ezingo luke lanik egin. Aktibo korrontearen zati hori epe laburreko aktiboa izan arren modu iraunkorrean behar duenez, epe luzera finantzatu beharko luke enpresak. Maniobra-funtsa edo maniobra-fondoa (errotazio-fondo eta kapital zirkulatzaile ere deitua) enpresak modu iraunkorrean, epe luzera alegia, finantzatzen duen aktibo korrontearen zatia da. Beste hitzetan, maniobra funtsa enpresak bere ustiapen-zikloa finantzatezko behar duen finantzazioa da, lehengaiak erosten dituenetik salmentak kobratu arte.  Beraz, maniobra funtsa aktibo korrontean edo epe laburreko aktiboetan inbertitzen den enpresaren epe luzeko finantzazioa da, pasibo ez korrontearekin edo ondare garbiarekin osatua. Maniobra funtsa honela kalkulatzen da:

    \[MF=\text{aktibo korrontea} - \text{pasibo korrontea}\]

Aukeran honela ere kalkula daiteke:

    \[MF=\text{ondare garbia + pasibo ez korrontea} - \text{aktibo ez korrontea}\]

Maniobra funtsa enpresaren oreka finantzarioa aztertzeko erabiltzen da:

  • maniobra-funtsa positiboak enpresa oreka finantzarioan dagoela adierazten du: jardunean jarraitzeko  etengabe (eta beraz, epe luzera azkenean) behar duen aktibo korrontearen zatia epe luzeko baliabideekin finantzatzen du enpresak, behar den bezala; aldi berean, kasu horretan aktibo korrontea pasibo korrontea baino handiagoa denez, enpresak likidezia finantzarioa du, aktibo korrontearekin pasibo korronteko zorrak ordaintzeko gauza delako.
  • maniobra-funtsa negatiboa izateak finantza-desoreka  adierazten du, epe luzerako inbertsioak enpresaren finantzazio iraunkorrarekin estali ez eta epe laburreko hartzekodunen baliabideekin finantzatu direlako. Hala eta guztiz ere, egun enpresa asko dira desorekatu gabe maniobra-funts negatiboarekin lan egiten dutenak, aktibo korrontea berehala dirutan bihurtu eta hornitzaileek epe luzea ematen dietelako ordainketa egiteko (adibidez, hipermerkatuek maniobra-funts negatiboa izan dezakete larritu gabe, produktuak askotan ordaindu gabe jaso, 3 hilabetera ordainduta edo, eta ordaindu baino lehen saldu eta kobratu dituztelako: kasu honetan, hornitzaileek, epe laburreko zorren bitartez, finantzatzen dute aktibo korrontea).
  • maniobra-funtsa positibo eta handiegia izatea ere ez da egoera egokia. Kasu horietan, enpresak baliabide geldiak dituela esan daiteke, aktibo korrontea (dirua, bankuko berehalako saldoak, kobratzeko fakturak, izakinak,...) handiegia delako, edo handiegia izan gabe, pasibo korrontearekin ez baizik eta pasibo ez korronte edo epe luzekoarekin finantzatzen delako, alperrikako gastu finantzarioak sorraraziz besteak beste. Hala gertatzen da adibidez, enpresa komertzial batek izakin kopuru handiegia gordetzen duenean biltegietan, horren beharrik izan gabe: izakinak alperrik daude biltegian, eta izakin horiek finantzatzeko hartzen dituen epe luzeko baliabideak beste atal batzuk finantzatzeko baliatu beharko lituzke.

Maniobra-funtsa aztertzeko beste modu bat likidezia-ratioa kalkulatzea da.

Ikus, gainera