Desamortizazioa

Desamortizazioak Espainian XVIII. mendetik XX. mendera bitartean Eliza Katolikoaren esku zeuden lurrak eta eraikinak desjabetzeko prozesuak dira. Desamortizazio nabarmenena, ziur aski, Mendizabalen desamortizazioa izan zen, 1836 urtean, Maria Cristinaren erregetzan Juan Alvarez Mendizabal Ogasun ministro liberalak agindutakoa. Mendizabalen desamortizazioaren arrazoiak ideologikoak ziren alde batetik, 1833 urtean Maria Cristinak erregetza bereganatu zuenetik liberalen alde egin zuelarik, Antzinako Erregimenetik elizari geratzen zitzaizkion pribilegioak ezabatzeko, baina beste alde batetik baita ere ekonomikoak, 1833 urtean hasitako Lehen Gerra Karlistaren ondorioz espainiar estatuak diru arazoak izan eta desjabetza diru iturri bezala erabili zuelako. Mendizabalen desamortizazioa bi fasetan zehar garatu zen: lehenik ordena eta kongregazio erlijiosoak desegin eta monastegi eta komentu guztiak itxi ziren 1835 urtean, eta gero monastegi horiek eta haiei zegozkiehn lurrak besterik gabe beraganatu zituen 1836an, gero saltzeko.

Desamortizazioari esker estatuak diru asko jaso bazuen ere, lurrak eta eraikinak salduta, desamortizazioa nekazaritza erreforma bat egiteko probesteko aukera galdu zuen; izan ere, tokiko oligarkia (ikus, kazikeak) izan zen gehienbat ondasun higiezin horiek bereganatu zituena, desjabetze prozesua udaletatik kontrolatuz eta manipulatuz (esaterako, lur desjabetuen lote handiak osatuz, nekazari txikiek lur horiek eskuratzeko aukera izan ez zezaten). Horrek epe luzera ondorioak izan zituen, goi eta behe klaseen arteko aldea handituz eta klase ertainaren sorrera eta aurrerapena eragotziz, geroko garapen ekonomikoa oztopatu egin zelako horrela. Gainera, desamortizazioak giro politikoa nahastu zuen eta liberalen eta karlisten arteko gatazka areagotu, klerikoen aldekoen eta aurkakoen jarrerak muturrera eraman baitziren.

Ikus, gainera