Mikroenpresak

Mikroenpresak oso tamaina txikiko enpresak dira, bereziki langile kopuruari buruz. Definizio lausoa da, eta kuantitatiboki zehatza denean, aldakorra da herrialde batetik bestera (adibidez, XXI. mendearen hasieran Argentinan 5 langile arteko enpresak ziren, eta Mexikon 15 langile artekoak). Orokorrean, produktuak eta zerbitzuak azken kontsumitzaileari eskaintzen dizkioten enpresak dira (hala nola, ileapaindegiak, abokatuen bulegoak, dendak, gehienetan zerbitzuekin loturikoak), kapital eta negozio-bolumen txikiarekin eta langile autonomoek sortu eta kudeatutakoak, proiektu ekintzaileetatik. Herrialde azpigaratuetan bereziki, ekonomia informalarekin ere lotu dira, enplegurik ez duten pertsonek euren etorkizun ekonomikoa nola edo hala eraiki dezaten, eta baita ere prekarietatearekin, sistema ekonomiko kapitalistak herritar guztiei ongizate ekonomikoa eskaintzeko ezintasunaren aurrean, baztertuek euren egoera prekarioaren irtenbide bat izan dezaten, baina finean prekario, ahula eta ez iraunkorra izango dena. Horregatik, neoliberalismoak proposatzen duen errezeta edo irtenbide faltsua dela kritikatu izan da.