Moneta politika edo diru politika

Diru politika, moneta politika edo politika monetarioa ekonomia batean estatuek euren ekonomietan esku hartzeko (ikus, interbentzionismoa) dagoen diru kopurua (diru eskaintza, alegia) kontrolatzeko duen politika ekonomikoa da, bereziki inflazioa kontrolatzeko asmoarekin. Funtsean, bi motako moneta politikak bereizten dira, elkarren muturrekoak: batetik, moneta politika murriztaileak diru kopurua gutxitu egiten du, inflazioa minimotzeko bereziki baliatzen dena; bestetik, moneta politika hedatzaileak diru eskaintza handitu egiten du, txanponak eta billeteak jaulkiz, eta kreditua erraztuz, kontsumoa eta inbertsioa berpizte aldera. Moneta politikak duen beste tresna bat interes-tasa erreferentziazkoa da, banku zentralek banku komertzialei dirua zenbateko interesean mailegatzen dieten alegia: interes-tasa murrizten bada, kreditua erraztu eta aurrezkia oztopatu egiten da, eta diru eskaintza handitu egiten da, kontsumoa bultzatuz; interes-tipo erreferentziazkoa gehitzen bada, kreditua murriztu eta aurrezkia sustatu egiten da, kontsumoa txikituz eta inflazioa murriztuz.

Uneko diru politika gobernuek erabakitzen badute, banku zentralen bitartez abiarazten da, haiek direlako diru kantitatea eta interes-tipoak aldatzeko tresnak aplikatzen dituztenak.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, monetary policy; gaztelaniaz, política monetaria.