Monkloako Itunak

Adolfo Suárez, Espainiako Presidentea 1976-1981 bitartean, izan zen Monkloako Itunen bultzatzailea.

Moncloako Itunak edo Monkloako Itunak Espainiako Trantsizioaren hasieran, zehazki 1977ko urrian, lehenengo hauteskundeetatik sortutako gobernuak, UCD zentroko alderdiko Adolfo Suárez presidentziapean, alderdi ezkertiarrekin eta sindikatuekin hitzarturiko akordioak izan ziren, garai hartan espainiar gizartea kolpatzen ari zen krisialdi ekonomikoaren ondorio sozialei aurre egiteko, eta gobernuak Kongresuan falta zuen gehiengo absolutuak bultzaturik. Laburrean, akordio horietan ezkerreko indarrek langileen soldatak neurriz kontrolatzea onartu zuten, beste arlo ekonomiko eta sozial batzuetan lortutako abantailen trukean. Itunek askatasun politikoak indartzea ere ekarri zuten, hala nola zentsuraren bukaera eta frankismo azken egitura politikoak (Mugimendu Nazionala) desegitea. Izena Espainiako Presidentziaren egoitzatik dator, Monkloako Jauregitik alegia.

Beste hizkuntzetan: gaztelaniaz, Pactos de La Moncloa.