Monopolio naturala

Eskala-ekonomiak daudenean, hau da, unitateko batez besteko kostua beherakorrak izatearen ondorioz, monopolioak kostu txikiagoak ditu merkatuan jardungo luketen enpresa anitzek baino, haiek baino tamaina handiagoa izanda, batez besteko kostu txikiagoak dituelako. Kostu txikiagoak izateagatik sortzen den monopolio hori monopolio naturala edo berezko monopolioa dela esaten da. Labur esanda, monopolio naturala sortzen da enpresa bakar batek jardutea hobe denean enpresa batzuek jardutea baino. Adibide gisa, monopolio naturalak uraren eta argindarraren horniduran sortzen dira, zerbitzu horiek eskaintzeko beharreko diren azpiegituren kostu finko itzelak direla eta. Mikroekonomian, monopolio naturala batez besteko kostuaren kurbari erreparatuz hautematen da: kurba hori beherakorra bada, monopolioak dituen ekoizpen-aukera guztietarako, monopolioa naturala dela esango dugu.