Multikulturalismoa

Multikulturalismoa, multikulturalitatea edo kultura-aniztasuna hainbat kontzeptu, printzipio eta politika barnehartzen dituen termino generikoa da, kulturaz desberdinak diren gizataldeen presentzia, aukerak eta tratamendu berdinak eta orekatuak aldezten dituena, bereziki eremu instituzionalean, eta ordena soziala atxikitze aldera, tolerantzia eta diskriminazio eza sustatzen dituena. Aldi berean, gizatalde guzti horiek euren kulturarekin identifikatu eta hura garatzeko eskubidea aldarrikatzen da multikulturalismotik; multikulturalismoaren ikuspuntutik gizatalde eta kultura guztiak berdinak dira, ez dira inondik ere bata bestearen gainetik jarri behar, gizartea kultura guzti horien artean osatzen denez. XX. mendeko azken hamarkadetatik puri-purian dabilen gaia da, bereziki Mendebaldeko herrialdeetara etorritako migrazioei eman beharreko erantzunaren inguruko eztabaidan. Globalizazioarekin loturiko fenomenoa izan arren, harekin desberdintasun nabariak ditu: globalizazioak uniformizazioa ekarri eta berdintzen duen bitartean, multikulturalismoak ezberdintasun kulturalak aitortu eta sostengatzen ditu. 1

Erreferentziak

1.
Berkes L. The Development and Meaning of the Concept of Multiculturalism . International relations Quarterly. 2010;1(4):1-6. http://www.southeast-europe.org/pdf/04/DKE_04_A_E_Berkes-Lilla_Kantor-Judit.pdf.