Natura hila

Jakob von Es ( (1596-1666) margolariaren "Gosaria" natura hila.

Natura hila edo izadi hila objektu bizigabeak irudikatzen dituen margolana da, naturakoak (loreak, janaria, animali a hilak, harriak) zein artifizialak (katiluak, platerak, mahaiak, bitxiak). Antzinarotik ezagutzen den estiloa izan arren, gotiko berantiarrean berriz ere agertu eta bereziki XVI. mendearen bukaeratik eta XVII. mendean zehar gailendu zen estiloa izan zen, Herbehereetako margolari handien eskutik. Geroztik ere, natura hila gai garrantzitsua izan da artean, maiz gutxietsia izan den arren. Trebezia formala landu eta erakusteko estiloa izan da, baina adierazpen sinbolikoa lantzeko ere baliatu da, ideiak eta narratibak adierazteko; adibidez, sagarra ohiko gaia izanda natura hiletan jatorrizko bekatua adierazteko. Natura hilak ohiko gaitzat dituen Eric Elliott (1975- ) artistaren esanetan, "margotzea munduarekiko lehen lotura da niretzat; errituala da, non bizi naizen espazioari eta inguratzen nauten objektuei buruz hausnartzen dudan. Nire eguneroko bizitzaren egiturak esploraziorako inspirazio zaizkit (...) ".1

Natura hila terminoa XVII. mendean hasi zen erabiltzen Herbehereetan, margolan horiekiko interesa piztearekin batera. Hasiera batean, bereziki margolan horien sinbolismoak erakarri zituen artistak eta publikoa, espiritualtasunarekin loturik. Geroxeago, naturako zientzialariek eta lorezainek (loreak modako produktua ziren garai hartan) erakutsi zuten interesa estilo horrekin, eta horrela bereziki margolanen xehetasunetan jarri zen arreta. Gai herrikoak ere landu zituzten, arrainak esaterako, arrainak ohiko jakia zenez Herbehereetan garai haietan. Geroago, eta Herbehereetako kolonien eraginez, objektu exotikoak eta luxuzko produktuak irudikatzen hasi ziren, baina betiere lore eta beste objektu arruntekin nahasturik. Bizitzaren iheskortasuna adierazteko vanitas izeneko natura hilak ere sortu ziren, non ohikoa diren buruezurrak, erlojuak, kea eta bizitza bezala denborarekin iraungitzen diren burbuilak, fruituak eta loreak (bereziki limoiak, garratzaren metafora moduan). Janarien irudikapena ere ohikoa izan zen artista batzuen kasuan, hala nola Jakob Foppens van Es (1596-1666) margolariaren eskutik.2

Erreferentziak

1.
Stilleven: Contemporary Still Life. Hallie Ford Museum of Art. https://willamette.edu/arts/hfma/pdf/StillLife.pdf. Published 2015.
2.
URREZKO AROA: STÄDEL MUSEUM-EN HOLANDAKO ETA FLANDESEKO PINTURA. Guggemhein Bilbao. https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/guia-educadores/natura-hila/. Published 2010.
465 hitz
Kategoriak