Negozio-bolumena

Negozio-bolumena, negozio-zifra edo fakturazioa (ingelesez, turnover, revenue, sales volume) aldi jakin batean saldutako ondasunengatik eta emandako zerbitzuengatik enpresa batean izandako sarreren zenbateko osoa da, betiere bere ohiko jardueraren baitan, eta inongo kostu eta gasturik kendu gabe. Beraz, negozio-bolumenean ez dira barneratzen enpresak ohikoa ez duen jardueran eskuratzen dituen sarrerak (hala nola, finantza-sarrerak, diru-laguntzak eta ibilgetuko elementuen salmentak). Negozio-bolumenetik kendu behar dira, ordea, itzulketak eta egindako beherapenak. Azkenik, bereizi behar dira negozio-bolumena eta kobrantzen zenbatekoa: sarrera izateak ez du esan nahi sarrera hori kobratu denik.

Negozio-bolumenak negozioaren edo salmenten bilakaera besterik ez du adierazten, eta enpresaren egoera ekonomiko orokorraren adierazle garrantzitsu bat da; baina ez da nahastu behar errentagarritasunarekin, horretarako enpresaren gastuak eta kostuak ere kontuan hartu behar direlako.