Neoklasizismoa

Neoklasizismoa XVIII. mendearen bukaeran hasi eta XIX. mendearen lehen erdian garatu zen arte mugimendua izan zen, garaiko arkitekturan, margolaritzan nahiz eskulturan islatu zena. Ilustrazio garaian abiatua, bere oinarri nagusia antzinako arte klasikoa izan zen, Antzinako Erroma eta Greziakoa. Hain zuzen ere, arte klasikoa, bere proportzioekin eta bere sinpletasunaren baitan, hobeto uztartzen zen Ilustrazioko ideia arrazionalistekin. Halaber, burgesiak, Frantziako Iraultzaren ondoren, besarkatu zuen estiloa zen, ordurarte aristokraziak sustatu zuen estilo barrokoaren eta rokokoaren aurka. Estatu berriek ere bultzatu zuten estilo berria, eraikuntza zibil eta monumental berriak estilo horretan diseinatuz, Ponpeia eta Herkulanon egindako aurkikuntza arkeologikoek ere, XVIII. mendearen bukaeran, estiloa modan jartzen lagundu zuten, eta ildo horretatik mitologia klasikoa artelanen motibo berria bilakatu zen. Neoklasizismoa indarra galtzen joan zen XIX. mendearen bigarren erdialdean, edota beste mugimendu artistikoen baitan desegin zen, hala nola akademizismoan margolaritzan eta historizismoan arkitekturan.

Neoklasizismoa arkitekturan

Parisko Carrousel-eko Garaipenaren Arkua: nabariak dira motibo mitologikoak, simetria eta zutabe klasikoak.

Honako hauek izan ziren neoklasizismoaren ezaugarri nabarienak arkitekturan:

  • oreka, simetria, proportzioa eta harmonia bilatzen zituen;
  • dimentsio handiko eraikinak diseinatzen ziren, monumentalak;
  • zutabeak maiz erabiltzen dira, bereziki ordena klasikokoak (doriarra eta korintoarra);
  • fatxadak buru edo dintelarekin eraikitzen dira;
  • sinpletasuna eta harmonia lortzeko, aparailu isodomoak erabiltzen dira;
  • estiloa erruz erabiltzen dira, denetariko eraikinetan, hiriak zabaltzen ziren garaian eta hortik bere presentzia ugaria egungo hirietan ere.

Neoklasizismoa eskulturan

  • Barrokoaren dinamismotik, oreka, sinpletasuna eta proportzioa bilatzen dira.
  • Marmola eta brontzea erabiltzen dira.
  • Erliebea maiz erabiltzen da.
  • Bereziki monumentuetan erabiltzen da.
  • Gai mitologikoak lantzen dira.

Antonio Canova, italiar eskulturgile italiarra: Piske Amodioaren musuak berpiztua. Louvre Museoa.

Neoklasizismoa margolaritzan

Jacques-Luois David: Napoleon Alpeak zeharkatzen (1800).

  • Perspektiba lineala lantzen da, erliebe klasikoetan bezalaxe.
  • Marrak garrantzia hartzen du kolorearen aldean, formak, eta beraz figurazioa (irudikatzen dena), nabarmentzeko.
  • Argi hotza.
  • Gai  solemneak bilatzen dira, batzuetan garaiko iraultzak eta gudak irudikatuz, heroikotasuna nabarmenduz. Mitologia ere lantzen da.

 

 

424 hitz
Kategoriak