Nortasuna

Nortasuna edo giza nortasuna pertsona baten bereizgarri psikologiko iraunkorren multzoa da, pertsona horren sentimenduak, emozioak eta besteekin harremanak izateko modua moldatzen duena. Pertsonak euren nortasunaren arabera sailkatzeko, kategoria sinpleak erabiltzen ditugu maiz, profil psikologiko izenekoak. Beste adiera baten arabera, nortasuna pertsonak besteen aurrean agertzeko modua litzateke; hain zuzen, pertsona hitzaren jatorri etimologikoa antzinako grezieratik dator eta maskara esan nahi du literalki. Psikologian, nortasuna eta identitatea loturik agertu ohi diren terminoak dira, baina ezberdinak dira guztiz: identitatea nork bere burua ikusteko modua da, pertsonalki bere singulartasuna nola bizi duen, nortasuna identitate horrek gauzatu eta zehazten dituen bereizgarri (alaia, serioa, ....), joera eta portaeren multzoa da.