Nortasunaren gurtza

Nortasunaren gurtza Ipar Korean. Kredituak:John Pavelka.

Nortasunaren gurtza lider politiko edo militar baten nortasuna aginpidearen iturri eta arrazoi bakartzat hartzen denean gertatzen da. Erregimen politiko autokratikoen ezaugarria da, diktadorearen aginpide pertsonala muturrera eramaten denean, liderraren presentzia propagandistiko masiboarekin batera, liderra heroi edo jainko baten nortasunarekin parekatuz (ikus, apoteosia). Nortasunaren gurtza hasieran fenomeno politiko moduan sortzen bada ere, aginpidea sendotze aldera, azkenean fenomeno kultural erabatekoa bihurtzen da, kultura osoak liderarren nortasunaren inguruan ardaztuz,  hala nola ospakizunak (liderraren urtebetetzea), erakustaldiak eta literatura (liderraren lanak lehenetsiz irakaskuntzan), adierazpen kultural indibidualei lekurik utzi gabe.

Nortasunaren gurtzan oinarritutako erregimen politiko paradigmatikoak izan dira Hirugarren Reich-a, Adolf Hitler-ekin, Sobietar Batasuna Stalin garaian eta egun Ipar Korea  Kim Jong-un agintaritzapean. Neurri apalagoan, nortasunaren gurtza garatu duten erregimen politikoak izan dira frankismoa, Franco caudillo izandatuz, Siria al-Asad-ekin eta Venezuela, Hugo Chávez-ekin. Fikzioan ere anitz dira nortasunaren gurtzan girotu eta gai nagusitzat hartutako lanak, eta haietan ezagunena George Orwell-en 1984 eleberria da, nortasunaren gurtza eleberrian deskribatzen den distopiaren elementu nagusia izanik.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, cult of personality; gaztelaniaz, culto a la personalidad.