Noumenoak eta fenomenoak

Kant-en filosofian, noumenoa (nomenoa ere deitua) eta fenomenoa objektuen bi ikuspegi dira, ezagutzaren mugak finkatzeko baliatzen direnak. Objektuak esperientziatik edo zentzumenetatik azaltzen direnean, fenomenoak dira (antzinako grezierako φαινόμενoν hitzetik, "itxura", "azalpena"); berriz, objektuak adimen edo intuizio hutsez agertzen direnean (hots, zentzu positiboan), edo esperientziatik at (hots, zentzu negatiboan) noumenoak edo nomenoak dira (νοούμενoν hitzetik, "pentsatua"; nous hitzarekin ere lotua, "adimena").  Bereizketa ezagutza noraino hel daitekeen finkatzeko ezartzen da: noumenoak adimenezko objektuak dira soilik (Jainkoa eta askatasuna, adibidez; baina baita ere, objektu oro, bere horretan, esperientziarik gabe), eta zentzumenetatik eta esperientziatik at daudenez, arrazoi teorikotik edo errealitateari buruzko ezagutzatik kanpo kokatu behar dira eta soilik arrazoi praktikoan (nola jokatu behar dugun ezartzen duen arrazoian) dute lekua. Noumenoa beraz, berez eta printzipioz sentsoriala edo zentzumenezkoa izan behar den ezagutzaren mugaz haratago dagoena adierazten du.