Ockhamen labana

Ockhamen labana edo Ockhamgo labana Gilen Ockhamgoak (c. 1295-1349) fraide eta filosofo nominalistak ezarritako printzipio metodologikoa da, bereziki zientzian erabiltzen dena. Horren arabera, zerbait azaltzen duten teorien artean, sinpleena den hura hautatu behar da. Printzipio horri beste izen batzuk ere eman zaizkio, hala nola, parsimoniaren printzipioa eta ekonomia kontzeptualaren printzipioa.

Ockhamen labana latinezko esaldi honetan laburbildu ohi da: Entia non sunt multiplicanda praeter necessitatem ("entitateak ez dira beharrik gabe bidertu behar"). Hala ere, agidanez, formulazio hori ez zuen Gilen Ockhamgoak inoiz adierazi. Berak adierazitakoetatik printzipiotik hurbilago dauden baieztapenak hauek lirateke: Numquam ponenda est pluralitas sine necessitate ("aniztasuna ez duu inoiz jarri behar beharrik gabe"), Super Quattuor Libros Sententiarum liburuan jasoa, eta Frustra fit per plura quod potest fieri per pauciora ("alperrikakoa da zerbait gauza gehiagorekin egitea gauza gutxiagorekin egiterik badago").

Zentzu komuna adierazten duen printzipioa izan arrne, kritikak jaso dituen printzipioa da. Nola jakin fenomeno bati buruz ahalamen azaltzaile berdina duten teoria batzuetatik zein den sinpleena? Eta nola neurtu indar azaltzaile hori? Adibidez, onargarria al litzateke muturreko kasuak azaltzen ez dituen teoria bat sinplea izateagatik soilik? Faltsazionismoak erantzun argia ematen du; aski da teoria zientifiko batek azaldu ezin duen kasu berezi bat, teoria baztertu eta kasu berezi hori barnehartzen duen hurrnego teoria sinpleena hautatzeko.

Beste hizkuntzetan: ingelesez, Ockham's razor; gaztelaniaz, navaja de Ockham.