Oligarkia

Oligarkia (antzinako grezierako ὀλίγος, oligos, "gutxi", eta ἄρχω, arkhō, "agindu", hitzetatik) goi mailako gizarte klasekoak diren indibiduo gutxi batzuek herrialdea gobernatu eta euren interesen mendean jartzen duen gobernu sistema da, ahalik eta botere gehien bilduz. Metonimiaz, herrialde batean botere politiko eta ekonomikoa eskuartean duen eliteari ere deitzen zaio oligarkia. Oligarkia osatzen duten indibiduoak oligarkak dira.

Oligarkiaren gobernuaren ezaugarriak negatiboak dira guztiz: arlo publikoa eta pribatua nahastu egiten dira, kudeaketa publikoak interes pribatuak lehenetsi egiten ditu (pribatizazioen bitartez adibidez), herriak osatu eta aukeraturiko erakunde publikoek boterea galtzen dute eta ustelkeria arrunta izaten da.

Aristokrazia eta oligarkia aurkako bi muturretan dauden gobernu motak dira: aristokrazian onenek eta merezimendu handienekoek gobernatzen duten bitartean, oligarken helburua gobernutik ahalik eta etekin handiena ateratzea, herriaren interesak kontuan hartu gabe eta haien esanetara makurtzen direnei pribilejioak emanez. Hala ere, oligarkiak demokraziaz mozorrotzen dira maiz, baina euren interes ekonomiko eta politikoak inposatzen jarraitzen dute, haien esanetara dauden alderdi politiko eta hedabideen bitartez eta klientelismo politikoa baliatuz, herriaren borondatea desitxuratzeko helburuarekin.

Espainia izan da historikoki oligarkiaren mendean izan den (eta baden) herrialdeetako bat, Europako beste herrialde batzuetan ez bezala. Joaquin Costa politikaria eta espainiar erregenerazionismoaren ordezkaria izan zen Espainiako mendetako oligarkia salatu duen figura historiko nabarmenetakoa. XX. mendean Espainian izandako gatazka politiko anitzek oligarkia eta herria jarri dituzte aurrez aurre (Espainiako Gerra Zibila oligarkiaren mesedetan antolaturiko altxamendu militarra izan zela esan daiteke), eta Espainiako Trantsizioaz geroztik ere, anitz dira, formalki sistema demokratikoa izan arren, Espainiak oligarkia baten mendean jarraitzen duela baieztatzen dutenak.